Jaume Gelabert.
LARREPETIT

Sanferminak Bilbon

2021eko otsailaren 4a
00:00
Entzun
Nahiz eta oraindik ebazpen ofizialik ez dagoen, Maria Txibite Nafarroako presidenteak jakinarazi digu aurten ez dela sanferminik izanen metropoli foralean, eta, zalantzarik gabe, iragarpenak iruindar asko nahigabetu ditu. Bigarrenez jarraian «parekorik gabeko festa» gozatzeko aukera —kasik beharra— galtzeagatik arituko dira mara-mara negar batean Iruñeko auzokide ugari. Beste askok malkoak isuriko dituzte beren negozioak aurrera ateratzeko urteko diru iturri nagusiak —hori bai beharra—ihes eginen dielako. Urte gogorra izan da, eta sanferminetako bultzadarik gabe enpresa askok behin betiko itxi beharko dute atea.

Aitortu behar da sanferminak bertan behera uzteak poza, neurri handiagoan edo txikiagoan, ekarriko diela batzuei. Zaila da jakiten zenbat ale izanen ote diren, horrelakoetan poztasun erakustaldiak erdi ezkutuka, klandestinitatean egin behar dituztelako. Bai, badira sanferminak gustuko ez dituzten iruindarrak. Seguruenik horietako askok sentimendu kontrajarriak izanen dituzte aldi berean: ezinegona Iruñeko ostalarienganako enpatiagatik eta sentsazio lasaigarria urteko mamua bigarrenez desagertzen ikusiko dutelako. Haserrea ere sortu du Txibiteren adierazpenak. Maia alkatearen kasketa, adibidez. Udalburuak minduta aldarrikatu du berari dagokiola festaren gaineko erabaki oro hartzea eta ez beste inori, eta egia da berak duela sanferminei eusteko edo bertan behera uzteko eskumena; Nafarroako presidenteak jostailua kendu omen dio ustekabean. Zehaztu gabe dago zer eragin izan duen Iruñeko alkatearen haserrealdian hiriko enpresarien gainbeherak eta jakiteko dago osasun larrialdia kontuan izan ote duen. Basurto Bilboko kidekoaren plangintza ikusita —hori bai udako agenda betea: BBK Live, Aste Nagusia eta Eurokopa!— auskalo Maia sumatzen hasi ote den sanferminak ere Bizkaiko kostaldera eraman nahi izanen dituela. Els bascos ens roben!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.