Samara Velte.
LARREPETIT

Enborrak erortzen

2021eko apirilaren 16a
00:00
Entzun
Argazkiz beteriko maleta bati helduta iritsi zen P.-ren izeba euren etxera,P.-k 40 urte bete eta hurrengo egunean. Haiek ziren bere lehengo bizitzatik nola edo hala salbatu nahi zituen ondasun bakarrak: albumak, tatxatutako telefono zenbaki finkoz beteriko agenda bat. Objektu haiek lotzen zuten, argitasunezko une labur batzuetan bazen ere, bera izan zeneko bizitzara.

P.-k umezurtz geratzen zela sentitu zuen. Ezagun zuen sentipen hura: ziztada mingarri baten moduan etorri izan zitzaion aurreko hilabeteetan ere, izebari telefonoz deitzen zionean gai bati edo besteari buruz aholku eskatzeko edota bere pozen berri emateko, eta erantzunetan halako indiferentzia bat sumatzen hasi zenean. «Izeba nekatuta dago», esana zion bikotekideari. Bizitza osoan autoritatea aitortu izan zion emakume suhartsu hari: beti sendo, beti integritatez jokatzen zuen enbor baten modukoa izana zen, egoera zailenetan erabaki garrantzitsuak hartzeko gai eta ingurukoen babeserako beti hor, baita estualdi ekonomikoetan ere. Gurasoek eman ezin izan zioten aterpea zen P.-rentzat izeba.

Haren jokabidea hurbiletik behatzeko, denboraldi baterako etxera ekartzea erabaki zutenean sentitu zuen bigarren ziztada. Izebaren apartamentura joan ziren haren gauzen bila, eta ohartu ziren denbora zeramala bere buruari han eta hemen ohartxoak idatzita uzten. Kafea, arasako atean, edo Neguko jertseak, armairuko apaletan. Ahazteko beldurrez bizi den batentzako gogorarazpenez beteta zegoen etxea.

Orduan ohartu zen P., izebak utzia ziola lehengoa izateari. Orain, sekula baino hurbilago zeukan arren, inoiz baino urrunago zegoen beretzat. Ziztada baten modukoa izan zen konturatzea enborra jada ez zela ezeri eusteko gai, gora begiratu eta ez zegoela ez babesik, ez aholkurik, ezta errietarik ere. Heldu bihurtzea ez zela urteak betetzea, arduraren aurrean bakarrik geratzea baizik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.