garbine ubeda goikoetxea
LARREPETIT

Jendartearen ispilua

2021eko ekainaren 10a
00:00
Entzun
Gotzone Sagarduik oporrak lehenesten dituztenei jarri zien begia, txertaketa 49 urtez beherakoei luzatu zitzaiela esan zuen egunean. Nabarmena izan zen Eusko Jaurlaritzako Osasun arduradunaren oharra, aseptiko azaldu nahi baina mehatxu kutsu garbia hartzen duten horietarikoa. Herritik ospa egiteko asmoan dabiltzanek planifika ditzatela ongi haien jai-egunak, gaztigatu zien gutxi gorabehera; konturatzen ote diren Osakidetzak emandako txanda bertan behera utzita —ba omen dira kasuak—, aukerarik gabe gera litezkeela gerora, oporretatik itzulitakoan ez dutelako lehentasunik izanen, ilararen atzealdean jarriko dituztelako, eta betiere stockaren arabera izango dutela dena delako zizta.

Ez dakit jabetzen ote den, Bidasoaz honantz gertatzen den bezala, Bidasoaz harantz ere ugariagoak direla alderantzizko adibideak; gure belarrietara behinik behin, sarriago heltzen direla sistemaren kolapsoagatik aintzat hartzen ez dituztenen (eta beraz oporrak planifikatzerik ez daukatenen) kasuak, ardurak eta betekizun sozialakbizimodu malapartatu honi etentxo bat egitearen trukebaztertzen dituztenen kasuak baino.

Harrigarria da instituzioek ispilatzen duten irudia. Harrigarriak dira jendartea erretratatzeko eta sailkatzeko dituzten manerak. Estatistikari beste ezeri baino gehiago erreparatzen diotelako izango da —eta ez naiz osasun kontuez soilik ari—, edo aurrez aurreko tratuaren ordez urruntasun fisikoa, automatizazio digitala eta sistema inpertsonalak ezartzen ari direlako, baita teknologiaren arora erabat egokituko ez direnentzat ere. Baina haien agerraldietan azpimarratzen dituzten gauzak, xaxatu besterik egiten ez duten kontu horiek, oso gutxitan datoz bat nire inguruan gertatzen denarekin. Eta amorrua ematen dit, behingoagatik ez naizelako ni oinak lurrean jarri gabe dabilena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.