Jaume Gelabert.
LARREPETIT

Itunpeko bereizkeria

2021eko irailaren 16a
00:00
Entzun
Zergak ordaintzearen aldeko memelo horietakoak gara etxean. Sistema publikoak hiritar guzion ongizatea bermatzea du helburu —edo eduki behar luke— eta zergen bidezko diru-bilketa hori ezinbestekoa da administrazioak funtziona dezan. Horrela pentsatzen dugu guk, behintzat, gure memelokerian.

Egia da maiz desengainua hartzen dugula ikusten dugunean zertan erabiltzen den bildutakoa: zerbait hausten zaigu bihotzean Espainiako armadak tanke berri bat erosiko duela iragartzen duen aldiro; azkura ematen digu irakurtzen dugunean zenbat diru xahutuko den abiadura ultrasonikoko trenaren egituran; gauean ezin dugu lo hartu gobernuak, edozein dela ere, jakinarazten badigu aberatsenei —zergak ordaintzearen aldeko memelo ez diren horiei— amnistia fiskala oparituko diela. Eta sutan jartzen gara ohartzen garenean ospitalean ezin dietela eskaini behar bezalako arreta hiritarrei, administrazioak langile gutxi kontratatu duelako. Horrelakoak gara gu.

Itunpeko eskolak ere geure onetik ateratzen gaitu. Espainiako Erresuma itunpeko eskola gehien dituen herrialdeetakoa da Europan; laugarrena, hain zuzen. Steilas sindikatuak emandako datuen arabera, Nafarroa bigarrena da estatuko rankingean, ikasleen %35ek ikasi zuten sare horretan 2019-2020 ikasturtean. Beste zenbaki adierazgarri bat: Nafarroako sare publikoak atzerritar jatorriko ikasleen %85 jasotzen du, eta hainbat ikastetxe publiko ghetto bihurtzeko arriskuan daude. Bereizkeria ordaintzen ari gara. Are gehiago, sexuaren arabera bereizten duten eskolei ere eman ohi die diru-laguntza gobernuak. Gimeno kontseilariak adierazi du Hezkuntza Departamentuan ohartu direla sexu-bereizketa egiten dutela oraindik bi itunpeko ikastetxe integristak —adjektiboa nirea da—, araudi berriari muzin eginda. Hitzarmenaren arabera, Nafar Gobernuak utzi beharko lioke bi eskola horiek finantzatzeari. Susmoa dut beste desengainu bat hartuko dugula etxean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.