Hedoi Etxarte
LARREPETIT

Kapital sexuala

2021eko azaroaren 27a
00:00
Entzun
Duela urte bi argitaratu zuten Eva Illouz eta Dana Kaplanek Kapital sexuala modernitate berantiarrean liburuan. Laburra bezain zehatza, Illouzek ohi duenez. «Kapital sexuala» zedarritzerakoan lau aldaera bereizten dituzte, «kapitalaz» eta «sexuaz» ulertzen denaren arabera. Batetik legoke gorputzen sentsualitatea eta erakarpena, funtsean besteen gorputzena. Bigarrenik «sexua» bera legoke, zentzu zabal batean, esperientziaren eta sexu espresioaren alorra (desira, jarrerak, ekintzak, gaitasunak, identitate publikoak). «Kapital» kontzeptua hasiera batean ekonomikoa zen soilik, baina zabalduz joan da esanahaia ekonomikoak ez diren esanahaiak hartzeraino. Egun (Smith eta Marxetik Bourdieun landa) aberastasunarekin zerikusia duen edozer ulertzeraino heldu gara kontzeptuarekin. Honezkero Marxen kapitalak hiru aldaera zituen: diruarena (finantza), kapital produktiboarena eta kapital merkantilarena. Dirutik eta boteretik gertu eta, funtsean klase ertainen indarrean Bourdeiuk kapital kulturala eta kapital soziala seinalatu zituen (eta Illouzek berak kapital emozional eta morala ere nabarmendu izan ditu). 1970etatik aurrera desberdintasun adina kapital daudela zabaldu da. Gaitasunak eta errekurtsoak non, kapitalak han.

Azken ideia hori indartu dute Illouz eta Kaplanek: kapital sexuala ekonomikoa da eta ez-ekonomikoa. Beren buruei galdetu diote: esplotazio kapitalistari buruz erabiltzen den terminologia marxista erabili behar da halakoetan? Ala ez-ekonomikoa den errekurtso bati buruz ari gara, lanetik eta are birsortzetik kanpo dagoena? Ze abantaila sortzen ditu sexu gaitasunak sexu stockaren jabearentzat? Abantaila horiek sexualak dira soilik ala sexualak ez diren abantailak sortzen dira? Eta hala bada nola itzul daitezke esfera ekonomikora? Nola ulertu, honezkero ikuspegi marxistak eta feministak deuseztu duten lan produktibo eta erreproduktiboaren muga lausoan sexua?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.