Blanca Urgell
LARREPETIT

Ganorabako Jane

2021eko abenduaren 15a
00:00
Entzun
Zenbakiak zenbaki dira, eta batzuetan zenbaki baino gehiago. «Bost axola zait» esanez gero, bost ez da bost. «Zure bizitzan bost horrelako egin dozu» bildu zuen Añibarrok (c. 1802). «Bost phensaketa eginik nago zurekin ezkondu beharrez» kantatuz gero (Chants populaires... 1879), agian ez ezkontzea hobe, ezta? Bost galdu-gordean dagoen sentipena dut, eta hamaika berriz sasoian. Belarriak esaten dit, eta begiek ere berdin. Egia ote?

Esanahi hanpatu berarekin mila aspaldikoa da, Etxepareren bertso ederra lekuko: «Amoretan plazer baten mila dira dolore». Errepikatu eta hanpatuago emango du, baina ez horregatik gezurrago Otxoluaren esana (1932): «Mila ta mila daukozuz andrak bata baino bestia obiaguak». Eskerrak ematen non dago muga? Etxeberri Sarakorentzat (c. 1715) aski goiti: «Mila milion esker darotzut».

Ingelesez galdera onenak«milioi dolarreko galderak» dira. Oraintxe ohartu naiz kafe gehiago behar nukeela, buruak eman eta Clean Eastwood idatzi baitut, agian aurpegi-zikin xamarra delako filmetan. Hau buruau, jaun-andreok: Nirea hilgarria naiz itzuli dit Translatek, eta Eliak Oso gaizki nago. Mila milioi esker, Elia, egia esatearren.

Numerologia ariketa erraza: zutabe honen egilearen izen-abizenen letrek euskal alfabetoan duten hurrenkeraren araberako zenbakien batuketa 110 da. 1962 beraren jaiotze datari 110 kenduta 1852 zenbakia lortzen da, egile hau norekin lotuko, eta emakume puska hauekin lotzen duena: Alice Liddell Lurralde Miresgarrikoa (1852-1934), Vera Figner iraultzailea (1852-1942) eta Isis Pogson Royal Astronomical Societyko lehen emakumea (1852-1945). Mila milioi esker, Wikipedia.

Ostera, gaur Calamity Jane (1852?-1903) hautatuko dut, Clint aurpegi-zikinari aurrea hartzen baitio pistolarekin eta zalditan. Baina, ai, nik Joana Ganorabako itzuli eta Wikipediak Joana Zorigaizto dio. Tira. Onar nezake: bera zorigaizto eta ni ganorabako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.