Samara Velte.
LARREPETIT

Super-produktuak

2022ko apirilaren 22a
00:00
Entzun
Gurasotasunak hainbat master aldi berean eta errekor denboran egitera behartzen zaitu, besteak beste, lehen sorospenetakoa, haur musika eta literaturakoa, eta dietetikakoa. Haurrak sei hilabete betetzerako eginak dituzu Baby Led Weaning eta beste pare bat elikadura-sistemari buruzko ikastaroak, eta akabo zure ordura arteko lasaitasuna. Sekula ez zitzaizun galleta bat hain arriskutsua iruditu; inoiz ez zenituen supermerkatuan hainbeste produktu Yuka aplikaziotik pasatu eta alboratu; eta, noski, inoiz ez zenuen hainbeste diru gastatu natur dendako produktu ekologikoetan.

Izan ere, gauza bat da zuk gaueko bederatzietatik aurrerako zure gurasotasun-deskantsuan Tobleroneak irenstea haiei esker biziraun beharko bazenu bezala, baina haurrari? Haurrari onena eta osasuntsuena baino ez. Eta obsesio horretan laguntzeko, hortxe dituzu sare sozialek promozionatzen dizkizuten zerrendak: «Zure umearen garuna indartzeko zortzi jaki». Kontxo, pentsatzen duzu, irakurri beharko da, ez dadila gerta gure umea bere gradu unibertsitariotik kanpo geratzea urte eta erdirekin ez zuelako aski babarrunik jan.

Klikatzen duzu, eta, hara: zerrendako janari normalena arrautzak dira. Gainerako super-elikagaiak (sic) hegazkinez ailegatzen dira Euskal Herrira: ahuakatea, txia haziak, anakardoak, izokina, eta oloa, noski, porridge forman. Eta zuri, oraindik zeure buruari barre egiten ikasi ez duzun guraso berri zalantzati horri, eztabaida morala pizten zaizu, guraso on batek super-elikagaiak edo ekologismoa lehenetsi beharko ote lituzkeen deliberatuz, karbohidratoen eta proteinen arteko orekari gaur behar bezala eutsi ote diozun kalkulatzen, gaueko Tobleronea urrunetik deika sumatzen duzun bitartean, eta zeure buruari galdetzen diozun artean ea ez ote zaren zu zeu bihurtzen ari merkatu handiago baten produktu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.