nerea loiola pikaza
LARREPETIT

'Lur gainean, itzal azpian'

2022ko azaroaren 17a
00:00
Entzun
Aterkipean zeharkatu ditut parkingaren eta tabernaren arteko bi zebra bideak. Zain ditudanen aurpegi biziek eta elkarri emandako besarkadek ez dute bat egiten aterpeko egun goibelarekin. Leirek liburu berria atera du oihalezko bere poltsatik niri oparitzeko eta orduantxe jakin dut testuaren lehen irakurlea izan nintzela duela zenbait hilabete; oilo ipurdia. Lur gainean, itzal azpian. Liburuaren azala laztandu ondoren, eskaintza irakurri dut; hunkidura. Emakume nekazariak ditu hizpide Leire Milikuak idatzitako Lisipe bildumako azken aleak; ahaztuen artean ahaztuenak, ikusezinen artean ikusezinenak. Kafesne bat eskatu eta itzalpeko emakume horietako bat aurkeztu dit: Josebe Blanco artzaina; begirada ernea, irribarre zabalarekin hartu nau. Hala definitzen du bere burua hitzaurrean: «Bazterrekoa jaiotzez: emakumea. Bazterrekoa hautuz: euskalduna eta baserritarra»; oilo ipurdia berriz ere. Ardiez eta literaturaz hitz egin dut berarekin, nahasian eta aparte; artzain mozorroa jantzita bizitu nintzen urte haietaz; nola emakume horiek lur gainean dauden eta egon diren beti eta, aldi berean, itzalpean inork ez ikusteko moduan; beti baserritarraren arrebak, amak, emazteak edota alabak izaten; eta ez baserritarrak. Lanean baino laguntzen, errukitsu eta besteen hobe beharrez. Idazten duela ere kontatu dit, afizioz; horrela hasten gara denok.

Barrura sartzeko unea iritsi da eta azken besarkada bat eman diogu elkarri. Beti dira bereziak liburu aurkezpenak, are gehiago egilearen lehen liburua bada, eta zer esanik ez pertsona hori maite eta miresten baduzu. Giro goxoa dago taberna barruan eta lagun eta familiakoez inguratuta egin dute aurkezpena; komunikabideetatik ia inor ez, mahaia ez da mikroz josia egon Nico Williamsek gauza garrantzitsuak esateko hitz egiten duenetan bezala.

Liburuak leiho eta bozgorailu izan nahi duela esan du Leirek aurkezpenean; zabaldu beharreko beste meloi handi bat dela diot nik, eta berandu gatoz beste behin ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.