Hedoi Etxarte
LARREPETIT

Erabateko suntsiduraren kontra

2022ko azaroaren 19a
00:00
Entzun
Gero eta sarriago gertatzen zait egunak ilun ikustearena. Ez naiz urteko sasoiaz ari, hasi zitzaidan pandemian, ordutegi zurrun horretan soilik kalean egoteko aukera zegoenean. Sosegua bilatzeko baliatu genuen gure zakurra ahal izan genuenero kalera ateratzeko. Kalkulatu genuen gure gehienezko perimetroa eta, gogorik izan gabe ere, poliziak kalean egotea ahalbidetzen zigun azken minuturaino egoten ginen kalean. Orduan deskubritu eta orduan hasi nintzen gaueko paseo horietan, orain puskaz jende gutxiago dago iluntzeko hamaiketan astearte batean kalean. Inflazioa, gerra, kapitalismoaren etengabeko eraikuntza gure arratsen gain.

Eta badakit teoria, auzia kolektiboa dela eta politikoki soilik alderantziz jar daitekeela, baina niri sosegu zerbaitekematen badit egun ilunetan da 1917ko urtarrilaren 26an Rosa Luxemburgek Luise Kautskyri (Lulu-ri) bidali zion eskutitza Wronkeko kartzelatik.

Luxemburg aztoratuta dago jasotzen dituen gutun guztietan kexak jasotzen dituelako. Eta lagunari esaten dio: «Ez duzu ulertzen hondamendi orokorra neurriz kanpokoa dela deitoratzeko? Pena izan dezaket Mimi gaixo dagoenean ala etxean arazoren bat daukazunean. Baina mundu osoa bere laukitik ateratzen ari denean, ulertzen bakarrik saiatzen naiz, zer den eta zergatik gertatzen den dena, eta zeregin horrekin bukatu dudanean nire lasaitasuna eta umore ona berreskuratzen ditut. Ultra posse nemo obligatur [jatorrizkoan latinez: 'Inor ez dago daukana baino gehiago ematera behartuta']. Eta honen ostean, oraindik lehenaldian zoriontasuna sortu didan guztia geratzen zait: musika, pintura, hodeiak, udaberriko belarren bilketa eta liburu onak eta Mimi eta zu eta askoz gauza gehiago; hitz batean aberatsa naiz Creso bezala eta espero dut amaierara arte izatea. Eguneroko miseriaren bidezko erabateko suntsidura hau, oro har, ulertezina eta jasanezina egiten zait».

Egun ilunetan amets txikiak ditut, egunen batean laurogeita hamazazpi gutun horiek egon daitezela euskaraz, adibidez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.