nerea loiola pikaza
LARREPETIT

Ispiluko itzalak

2023ko urtarrilaren 26a
00:00
Entzun
Hotz egiten duen arren, ateri dator igande arratsaldea. Hamabi urteko semea alfonbra gainean eserita dago, anaia txikiaren aldamenean telebista ikusten. Lagunekin ateratzeko gogorik ez daukala esan dio amari minutu batzuk lehenago, berdin egin zuen bezperan ere. Amak, lehen bulkadari eutsi eta ez dio esan etxean ez gelditzeko, ez dio esan lagunik gabe geratuko dela bestela; horren ordez, galdera gatzgabea egin dio: «Nolatan ba?». Sorbaldak goratu ditu semeak eta etxean gustura egoten dela erantzun dio. Ezinegona barrutik atzamarka ari bazaio ere, isilik egotea erabaki du oraingoan amak.

Ez igo horra erori egin zaitezke eta. Ez ukitu hori, min hartu dezakezu. Ez joan azkar bizikletarekin. Ez jantzi arropa hori. Ez geratu etxean. Ez... Ez... Ez... Haur edo gaztetxoren bat zaintzapean dugunok ziur esaldi horietako batekin identifikatuta sentitzen garela eta badirela beste hamaika beldur burutik pasatzen zaizkigunak. Kontua da: beldur hori haur/gaztearena da, ala gurea da?

Inoiz esan eta askotan pentsatu ditugun esaldi horiek, soilik geureak diren beldur funsgabeetan oinarriturik daude. Noski, geuk ere beldur horiek aurrekoengandik hartuko genituen noizbait eta, ezer egiten ez badugu, ondorengoenak izango dira. Badira geure egiten ez ditugun ezaugarri edo beldurrak, baina besteengan islatuta ikusten ditugunak. Begiek dena ikus dezaketela esaten den arren, ez digute balio geure burua ikusteko, ez bada ispiluaren aurrean; bada, haur eta gazteak ispilu bihurtzen ditugu maiz eta geure beldurrak bertan proiektatzen. Beldur horiek hautemateak eta onartzeak lan mental nekeza eskatzen du, eta horregatik, gehienok ditugun baliabide psikologikoak kontutan izanik, ez zait proiekzio horien lagun egitea beste aukerarik bururatzen. Beldurraren betaurrekoak erantzi eta konfiantzarenak jantzi; eta zaila bada ere, euren bidea egin dezaten utzi. Zorte apur batekin geuk baino itzal gutxiago izango dituzte helduaroan.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.