nerea loiola pikaza
LARREPETIT

Aholkurik ez du inork beretzat

2023ko otsailaren 16a
00:00
Entzun
Ez dio bularrari ongi heltzen. Hankak hoztuko zaizkio. Ez al du arropa gehiegi? Gutxi jartzen duzu titian. Bular bakoitzean hamar minutu jarrita nahiko. Beti besoetan gaizki ohituko duzu. Ez al zaizu itoko trapu horren barruan? Ume hori gosetuta dago. Ez zaio ezer gertatzen negar pixka bat egiteagatik. Logura dauka. Zure ohean sartzen baduzu gaizki ohituko duzu. Ez diozu fruta birrinduko? Ze ama ona zaren. Kontuz. Min hartuko du. Noiz hasiko zara lanean? Zaindu jaten duzuna, bestela tripa ez zaizu lehengora itzuliko. Ez zara lanean hasiko? Nik beste modu batera egiten nuen. Eskutxo bat emanez gero oinez hasiko litzateke. Lanean hasiko zara jada? Eraman haur-eskolara eta hartu ordu batzuk zuretzat. Hori bakarrik jango du? Lanean hasiko ez bazara, zertarako haur-eskola? Kontuz. Aurpegi nekatua daukazu. Neska edo mutila? Beroki arrosa bat erosi diozu mutiltxoari? Ez jarri umea zutik, hankak okertuko zaizkio. Kontuz. Arrebatxo bat eman beharko diozu… Amazulo galanta eginda dago. Noiz hasiko zara lanean? Gaizki ohitu duzu. Igeriketa ikastarora eraman badaezpada, uretara erorita ez itotzeko. Eta ingelesera txikitatik. Nire amak ez zuen hala egiten. Kontuz. Ardurak hartzen hasi behar du. Ez al da lagunekin gutxiegi jolasten? Zenbat laguntzen dizun senarrak, a ze zortea. Txikiegia da ogia erostera bakarrik joateko. Berokirik gabe hoztu egingo da. Eskolara bizikletan bera bakarrik? Garrantzitsua da haurraren autonomia lantzea. Oraindik zuen ohera joaten da gauetan? Telebista gehiago ikusteagatik ez zaio ezer pasatuko. Gehiegi babesten duzu. Kontuz. Adin arriskutsuan sartzen ari da. Oraindik ez diozue mugikorrik erosiko? Mugikorra zenbat eta gehiago atzeratu hobe. Ez dakit zergatik hartzen duzun dena txarrera.

Hamahiru urte bete dira ama izan nintzenetik. Eskatu gabeko aholkuak, galdera paternalistak, asmo oneko komentario suntsitzaileak eta oraindik entzuteko dauzkagunak. Aholkurik ez du inork beretzat, bai besteentzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.