nerea loiola pikaza
LARREPETIT

Erantzukizun feministaren lanbroa

2023ko martxoaren 23a
00:00
Entzun
Telefonoz deitu dio L-k emakumeari, konplexuegia da gaia Whatsapp bidez azaltzeko. L indarkeria matxistaren biktima da, eta jendaurrean gertatu zen jazarpen egoera bateko hainbat lekukok bertan izan zirela baieztatzea beharko luke. Bi pertsonaren kontaktua lortu du: gizona bata, emakumea bestea. Aurrena emakumeari deituko dio. Egoera azaldu dionean berehala esan dio baietz, ikusi zuela L-k azaltzen diona eta hala berretsiko duela beharrezkoa den tokian. Esan dio, gainera, bere lagun —emakumezko— batekin zegoela eta hura ere laguntzeko prest egongo dela ziur. Arinduta hartu du arnasa L-k telefonoa eskegi duenean.

Gizonezkoaren txanda. Azalpena entzutean laguntzeko prest dagoela esan dio honek ere, baina hasieratik komentatu dio, egia esan, bera ez dela oso ongi oroitzen egun hartako kontuez; hala ere, baietz, iluntzean bidaliko dizkiola beharrezko datuak. Oraingo honetan, L ez dago lehen bezain lasai deia amaitzean, sentsazio arraroarekin gelditu da. Iluntzean jakingo du zergatik, gizonezkoaren datuak iritsi beharrean, haren telefono dei bat jasotzen duenean. Kontsulta bat egin duela eta, bere lanbidea dela eta, agian, ez dela egokia bere izena ematea, gainera, ongi oroitzen ez denez... Sentitzen duela, eta prest dagoela beste edozertan laguntzeko. Eskegi aurretik gizonezkoari bururatu zaio bertan berekin izan ziren beste lagun —gizonezko— batzuei galdetuko diela ea norbaitek ikusi zuen. Etsita eskegi du L-k, eta amorratuta. Ez da batere harritu handik egun batzuetara gizonezkoak esan dionean bere lagunek ere ez dutela ezer garbirik oroitzen.

L-k badaki gizonezko hauekfeministatzat dutela euren burua, euren egunerokotasunean feminismotik pentsatzen dutela askotan eta gizarte feministago baten alde dihardutela. Nola aldatzen diren gauzak, ordea, ardura kolektibotik ardura pertsonalerapasatzeko eskatzen zaigunean; ai, nola lanbrotzen zaigun memoria oroitu beharreko horrek gure egunerokotasun erosoari eragin badiezaioke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.