Pentsatzen jarrita, ez dakizu ongi noiz bihurtu zen maitalea bikote, eta bikotea lagun. Badakizu beste askorentzat denbora dela dilema horretan neurgailu, tarte tenporal jakinetan doazela fase batetik besterako jauziak, edo zita kopuruetan bestela. Zuretzat, ordea, intentsitatea izan da beti termometro nagusia. Intentsitatearen jonki gisara jokatu duzu sarri, emozio fuertetarako beti prest, zurrunbiloak eramaten utzita, pasioa banderatzat, eta gero gerokoak. Eta gerokoa ekaitzaren baretzea izan ohi denean, hor irakurri duzu ziklo aldaketa. Ez txarrerako: zuk ere badakizu lasaitasunean ongi egoten. Baina, zertan engainatu, izutu ere izutu zaitu baretasun gehiegizkoak. Eta ez harremanetan bakarrik, bizitzaren arlo gehienetara eraman duzu beti estimulu berriak bilatzeko nahia. Aspertzeko eskubidea aldarrikatu nahi zenuke, baina ahopeka esaten duzu.
Orain, parranda erdian zaudela, blog bateko Enganchar izeneko artikulua gomendatu dizute. Biharamunean irakurri duzu: «Azkenean, denak naturaz gaindiko indar batekin zirrara egin behar digula sinisten bukatu dugu. Ikasketak edo lanak ez gaitu betetzen, larunbata nahiago dugulako asteartea baino (...). Uste dugu pasioa ematen diguna dela funtzionatzen duena (...). Gehiegi eskatzen diogu denari. Baina gozatu daiteke zerbaitez engantxatu gabe, hainbeste emozio fuerte gabe, hainbeste pasiorik gabe».
Aspaldi da zuk ere lasaiago bizi nahi duzula. Ez dira egun asko paper bat hartu, bost zutabe marraztu, eta ikasturteko asteroko plana zirriborratu zenuela. Zu ere lasaitzen zaitu gorabehera handiegirik gabeko errutina irudikatzeak. Baina asteburu osoa herri txiki batean lagun ederrez inguratuta pasatzetik zatoz. Udaleku osteko sindromeak jota zaude. Eta nahiko zenuke, dosi txikitan bada ere, intentsitate une horiek betiko mantendu, sinistuta baitzaude egon egon behar dela zerbait, beti emozio berrien bila egotearen eta dagoenarekin betirako lasai egon behar izate horren tartean.