Jaume Gelabert.
LARREPETIT

Gertaera historikoak

2021eko urtarrilaren 14a
00:00
Entzun
Gaurkotasunaren menpe gaude. Asteleheneko saioan elurra definitzeko zer hitz erabiliko lituzketen galdetu nien oinarrizko mailako euskara ikasleei, eta neuronak estutu ondoren zuria, mendia, negua eta hotza izan ziren gehien errepikatu zirenak. Esperotako emaitza izan zen, gelako askok duela hilabete gutxi izan baitute lehenengo harremana euskararekin eta oso hiztegi mugatua dute —oraingoz, ez dezagun esperantza gal—, baina harritzeko tartea izaten da beti gure saioetan: batek telebista eta Madril bota zituen. Tira, ez dakit lotura hori horren harrigarria den edo azken egunetan jasotako informazio bonbardaketaren ondorio, telebista kate guzietan, baita gurean ere, elurra Espainiako Erresumako hiriburuari estekaturik agertu delako. Gertaera historikoa Madrilen.

Historiko ere bada lehen astean AEBetan gertatu zena. ETB2ko albistegian erasoa ikusten ari nintzela, une batez pentsatu nuen AEBetako hiriburuan elurra ari zuela zela berria: esatariaren off-eko ahotsa trafiko arazoez aritu bitartean, pantailako bazter batean lauki txiki batek jasotzen zituen Washingtongo irudiak, eta elurtea telebistaren zati handiak. Ez dakit zeren ikur bilakatu den adardun ultraeskuindarra Kapitolioan harro paseatzen ikusi nuen, bisita gidatu itxurako inpunitate erakustaldian —nahiz eta, ez ahaztu, hiru bisitari eta polizia bat hil ziren, edo zituzten, txangoan—. Nolanahi ere, berehala galdetu nion neure buruari zer gertatuko zatekeen eraikin publikoan sartu zirenak beltzak izan balira. Astearteko klasean goi mailako taldeko euskara ikasleei galdera bera egin nien, eta ekarpen aberatsak zein azalpen mamitsuak eman zituzten, denok ondorio bera ateratzeko: sarraskia. Segidan, egoera hona ekartzen saiatu eta AEBetako gertakariak islarik izan ote lezakeen gurean galdetu nien. Erantzun motzak eta isilune luzeak honetan. Gertaera historikoak etxetik urrun izaten omen dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.