Hong Kongen Segurtasun Legearekin epaitu duten lehena erruduntzat jo dute

«Terrorismo delitua egitea» eta «sezesioa bultzatzea» leporatu dio epaimahaiak Tong Ying-kiti

Txinako estatu indarrak, Hong Kongerako Segurtasun Legearen kontrako manifestari bat atxilotzen, iazko uztailaren 1ean, Hong Kongen. JEROME FAVRE / EFE.
Gorka Berasategi Otamendi.
2021eko uztailaren 28a
00:00
Entzun
Tong Ying-kit 24 urteko gaztea izan zen Txinak Hong Kongerako onartu zuen Segurtasun Legearekin auzipetu zuten lehena, eta atzo erruduntzat jo zuten epaileek, «terrorismo delituagatik» eta «sezesioa bultzatzeagatik». Tongi zera egotzi diote: iazko uztailean, Segurtasun Legearen kontrako protestetan, istiluen aurkako hiru poliziaren artetik igarotzea motor batean, protesta ikur batekin. «Hong Kong askatu, gure garaiko iraultza» zioen eskuetan zeraman banderak.

Ikusmin handia piztu du kasuak mundu osoan, Hong Kongerako Segurtasun Legea ezartzen den lehen aldia izanik epaileen erabakia eta sententziaren arrazoiketa aurrekari garrantzitsuak izan baitaitezke hiri horretako lege sistemarentzat.

Epaimahaia hiru epailek osatu dute. Horietako batek azaldu duenez, Tongek bazekien eskuetan zuen banderaren leloak «esanahi sezesionista» duela, eta esanahi hori beste batzuei komunikatzen ahalegindu zen. «Ez dago inolako zailtasunik ulertzeko leloa Hong Kong Txinatik banatzeari buruzkoa dela, eta beste batzuk bultzatu ditzake sezesiora».

Tongen banderako leloa asko erabili izan da Hong Kongeko 2019ko protestetan ezagun egin zenetik. Epaileen ustez, baina, Tongek «ordena publikoari eraso» egin zion «agenda politiko jakin bat garatzeko», eta bere ekintzekin «kalte handia» egin zion Txinako «gizarteari».

Motorrarekin Poliziarenauto bat jo izana ere egotzi diote. Auzitegiak baztertu egin du «terrorismoagatik» eta «sezesioa bultzatzeagatik» epaitu ordez ausarkeriaz gidatzeagatik epaitzea.

Egozten zaizkion delituen aurrean, aringarriak izan daitezkeen argudioak aurkeztu ahal izango ditu auzipetuak bihar, eta aurrerago hartuko dute epaileek azken erabakia, zer zigor ezarriko dioten zehazteko.

Tongek bere kontrako kargu guztiak ukatu ditu, eta helegitea aurkezteko aukera aztertzen ari dela adierazi du haren abokatuak. Espetxean jarraitzen du, bermea ordainduta kartzelatik irteteko aukerarik gabe.

Txinako Parlamentuak iazko maiatzean onartu zuen Hong Kongerako Segurtasun Legea, eta uztailaren 1ean sartu zen indarrean. Egun hartan atxilotu zuten Tong, orain bera epaitzeko erabiltzen ari diren legearen kontrako manifestazioetan.

Segurtasun Legeak «sezesioa, altxamendua eta terrorismoa» zigortzea du helburu, baita atzerriko esku hartzearekin prestatutako «konspirazioei» jazartzea ere. Hain justu, atzerriko herrialdeek Txinaren aurka antolatutako azpijokoen tresna izatea leporatu izan die Pekinek Hong Kongeko protestak sustatu dituzten «demokraziaren aldeko» taldeei. Aipatutako delituengatik, legeak bizi guztiko zigorrak ezartzeko aukera jasotzen du.

Orotara, 60 lagun baino gehiago auzipetu dituzte lege horrekin, eta horietako asko espetxeratuta daude, epaiketaren zain.

Amnesty Internationalek Tongen kontrako epaia gaitzetsi du. Elkarteak Asia-Pazifikoa eskualderako duen zuzendari Yamini Mishraren esanetan, «badirudi amaieraren hasiera dela adierazpen askatasunarentzat Hong Kongen».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.