Espainiatik bidali dituzte gutun piroteknikoak, Poliziaren arabera

Sanchezek, Roblesek eta Ukrainaren eta AEBen enbaxadek jaso dituzte, besteak beste

Guardia Zibila, atzo, AEBek Madrilen duten enbaxadaren atarian. FERNANDO VILLAR / EFE.
Uxue Rey Gorraiz - Gorka Berasategi Otamendi
2022ko abenduaren 2a
00:00
Entzun
Espainian, sei su eskutitz atzeman dituzte azken egunetan, arlo politikoko eta militarreko zenbait agintari eta eragileri zuzenduta. Atzeman zuten lehena Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentearentzat zen, eta azaroaren 24an jaso zuen Moncloak. Gainerako bostak herenegun eta atzo atxiki zituzten: gutun bana Espainiako Defentsa Ministerioan, Ukrainak Madrilen duen enbaxadan, AEBek Madrilen duten enbaxadan, Zaragozako Instalaza arma lantegian eta Torrejon de Ardoz herriko aire basean. Espainiako Auzitegi Nazionalak hartu du ikerketaren ardura. Madrilek atzo azaldu zuen oraindik ez dagoela ikerketa lerro nagusi bat, baina gutunak Espainiako lurraldetik bidali zirela diote Poliziaren lehen informazioek.

Rafael Perez Segurtasun Estatu idazkariaren arabera, badira gutunen arteko antzekotasun batzuk aztertu beharrekoak. Guztiak dira «etxean eginikoak», eta sugar bat eragiteko sistema pirotekniko bat zuten barruan. Perezek gaineratu zuen gutun azalen ezaugarri batzuk ikusita litekeena dela jatorri bera izatea, eta guztiak bidali direla Espainiako Estatutik. Efe albiste agentziak, ikerketaren hurbileko iturriak aipatuta, adierazi zuen gutunetako lau letra berarekin daudela idatzita.

Segurtasun Estatu idazkariak loturarik egin ez bazuen ere, gutunen hartzaileei erreparatuta, pentsatzekoa da Ukrainako gerrarekin lotuta egon daitezkeela erasoak. Margarita Robles Espainiako Defentsa ministroak nabarmendu zuen ekintza horiek ez dutela kolokan jarriko Moncloak Ukraina babesteko hartua duen erabakia.

Errusiak Madrilen duen enbaxadak gaitzetsi egin zuen «mehatxu edo ekintza terrorista oro, are gehiago misio diplomatiko baten aurkakoa bada». Sergei Pohoreltsev Ukrainako enbaxadoreak, berriz, ohartarazi zuen Errusiaren aldetik «edozer» espero daitekeela, eta Espainiari eskatu zion hura «estatu terrorista» izendatzeko. Europako Batzordea zuhur mintzatu zen, eta, gertaerak «oso larriak» direla nabarmendu arren, uko egin zion horien jatorriari buruz «espekulatzeari».

«Terrorismo delituak»

Gutunen berri atzo jakin zen, baina Espainiako Gobernuak ikerketa polizial bat agindu zuen azaroaren 24an, Sanchezi zuzendutako gutuna atzeman zutenean. Horrez gain, segurtasun neurriak zorroztu zituen eraikin publikoetan eta postaren gaineko kontroletan.

Bigarren gutun azala Ukrainaren enbaxadara bidalitakoa izan zen. Asteazkenean jaso zuten. Kontrol sistemek ez zuten atzeman sua eragiteko gailu bat zuela, eta zauri arinak eragin zizkion hura irekizuen langileari.

Eraso hark lehenaren antza zuelaikusita, Poliziak Auzitegi Nazionalari jakinarazi zion ikerketa bat zuela abian, Sanchezi bidalitako gutunari buruzkoa, eta auzitegiak ikerketa judizial bat hasi zuen, «terrorismo delituengatik».

Asteazkenean bertan atzeman zuten Zaragozako arma lantegira ailegatutako gutuna —lantegi horretan ekoizten dira Espainiak Ukrainari bidali dizkion granada jaurtitzaileak—. Segurtasun zerbitzuek susmagarritzat jo zuten jasotakoa, eta deflagrazioa kontrolatzea lortu zuten.

Berdin gertatu zen atzo goizaldean Espainiako Defentsa Ministerioan eta Torrejongo aire basean atzemandakoekin: garaiz detektatu zituzten, eta ez da inor zauritu. Base militarrera bidalitako gutun azala «neutralizatu» egin zuten, eta, beraz, Poliziak hura ikertzeko elementu gehiago izango ditu. Atzemandako azken gutuna AEBek Madrilen duten enbaxadakoa izan da; atzo eguerdian detektatu zuten.

Espainiako Atzerri ministro Jose Manuel Albares Ukrainako Gobernuko ordezkariekin jarri zen harremanetan, azken egunetan gertatutakoari heltzeko. Barne Ministerioak ohartarazi zuen balitekeela kasu gehiago izatea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.