Onintza Enbeita.
LARREPETIT

Beltza

2018ko uztailaren 6a
00:00
Entzun
Sanferminetara beltzez joateko deialdia irakurri nuenean, ezinbestean akordatu nintzen amama Klaraz. Aitita Balentin hil eta gero, urte luze bitan ibili zen beltzez jantzita. Umea nintzen egoera behar zen moduan ulertzeko, baina lutoa deitu zioten labezomorrotze prozesuari. Esaten zioten janzteko kolorez, baina berak ezetz. Pentsatzen dut bihotzeko min handia emango ziola bizitza guztiko bidelaguna galtzeak, eta horregatik egiten zait bereziki gogorra munduaren aurrean zaurgarritasun hori erakustea. Minak zaurgarri egiten gaitu besteen aurrean: erasorako diana ederrak dira zauriak, eta lutoz jantzita doanak bistan darama bere zaurien gordina.

Eta antzerako zerbait gertatuko litzateke sanferminetara emakume guztiok beltzez joango bagina ere. Heteropatriarkatuaren (ez, ez zait beste hitzik bururatu gauza bera esateko) gogoz eta ekinez, emakume izate hutsa zaurgarritasun bat da. Berdin du beltzez, zuriz, horiz edo gorriz joaten garen jaietara. Emakume izate hutsak bortxagarri egiten gaitu. Berdin du lodia zaren, argala, polita, ez hain polita, ile luzeduna, ile horiduna... planetak zure kontra lerratzen badira, eta behar ez denarekin topo egiten baduzu, zuri ere gerta dakizuke.

Eta hala ere, arrisku hori hor dagoela jakinda ere, dantza eta barre lasai egiten dugu, elkar maite dugu, bakarrik bidaiatzera ausartzen gara, larrua jotzen dugu, jaietara joaten gara... eta bizi gara. Askok halakorik nahi ez badu ere, bizi gara. Eta ez dugu zertan inposatu diguten zaurgarritasun hori azalean eraman parrandara goazenean. Badakigu eta badakizue beldurra ematen digula gau beltzean zenbait lekutara joateak. Baina seinalatzekotan, multzo berezi bat marraztekotan, sanferminetako zuriaren gainean ezer beltzik jartzekotan, izan daitezela bortxatzaileak. Jantzi daitezela desberdin ezetza eta baietza bereizten ez dakiten horiek. Horrela ez gara haien ondora hurbilduko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.