Mikele Landa.
LARREPETIT

Erantzule

2018ko uztailaren 19a
00:00
Entzun
Ekintza ez du inoiz egikaritzen arinago, 'zer egin beharko nuke?' galdetzen duenak». Minutuetarako irakurgaiak, Herman Hesseren aforismo liburua ausaz zabaldu eta esaldi hau irakurtzean kolpatu nau nire baitako egiak. Seguruenik denak ez zarete nirekin bat etorriko. Baina nik ez dut patuan sinesten. Arrazionalki gaiari buruz pentsatzen dudanetan behintzat. Berbak ulertzean ondorioztatu dut nire aburuz horrela dela, erabakia hartuta dagoenean aldatzen dela errealitatea, hautua burutuko dela erabakitzen duen unean norberak aldatzen duela bere eta ingurukoen etorkizuna. Ez arinago, ezta beranduago ere.

Horrek daukan pisua kausitzean, «erabakigilea» dela benetan autore eta beraz erantzule; eta ez dela derrigorrez ekintzaren egilea bera izan behar, orduan asmatzen dugu eta sartzen dugu ekuazioan patua. Errauskineren amabitxi magikoa balitz bezala. Zalantzak katigatuta eta erantzuletasunari sarrakio, gure etorkizunean aktiboki eragin ahal izateko ahalmena oparitzen diogu patuari. Edo beste hitz batzuekin esanda, egiten duguna egiten dugunentz ondorioak «patuak/ jainkoak/ karmak hala nahi zuelako» datozela konbentzitzen gara.

Errenkadan bertikaletik horizontalera igarotzen diren domino piezak legez, horrela doa logika gauzatzen: autoretza erabakiaren gain dagoela konturatu, erabakirik ez hartu eta patuari erregalatu erantzukizuna. Azkenik, patua, hots, eragingo diguten ondorio ororen atzean jartzen dugun ente ahalguztiduna, jaiotzatik gure alde egon behar dela sinetsi.

Esango nuke bereziki «aukeren belaunaldia» gorpuztu duela logika horrek. Nirea eta ostean etorri direnak. Gure etorkizunaren txatal ugari jasota, erabakita, emanda jaio garenok sinesten dugu gure aldeko patu horretan. Ondorioak, direnak eta ez direnak, ia denak eskubidetzat ulertuz. Beraz, bai, ez dut patuan sinesten, arrazionalki gaiari buruz pentsatzen dudanetan behintzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.