maddi ane txoperena iribarren
LARREPETIT

Iruditu, irudikatu

2018ko azaroaren 7a
00:00
Entzun
Nazioa irudikatutako komunitate bat dela zioen Benedict Anderson antropologoak. Nazioa den komunitatea herrixka bat baino askoz handiagoa izanik, ezinezkoa baita parte diren kide guztiek elkar ezagutu edo elkarren berri izatea. Eta, beraz, nazio bateko herritarrek elkarren artean duten partaidetza sentimenduak irudikatua izan behar du, nahitaez. Horregatik irudikatua ez haatik gezurrezkoa edo asmatua.

Nazioaren ideia ez litzateke, beraz, iragan komun batean soilik oinarrituko: hori ondotik egindako interpretazioa edo kontakizuna litzateke, nazioari nolabaiteko oinarria jartzeko asmoz egindakoa.

Interesgarria da ideia, baina kezka sortzen dit azkenaldian Euskal Herriari begiratuta. Eta ez naiz bakarra; gaiari heldu baitiote Eneko Bidegainek bere azken liburuan, Argia aldizkariaren Larrun hilabetekariak azkeneko alean eta bertze modu batera Biltzarrek eta ENAk abiaturiko nazio ikurrei buruzko eztabaidan. Eta izanen dira gehiago ere.

Kezka, alde batetik, izendapen eta irudikapen nahaste handia dugulako Tuteratik Baionara eta Atharratzetik Sopuertara bizi garen herritarrok: batzuek Ipar Euskal Herriari soilik erranen baitiote Pays Basque, bertze batzuek Araba, Bizkai eta Gipuzkoari Pais Vasco, EAE, Nafarroa, Euskadi...

Gehien kezkatzen nauena ez da, ordea, herritar ez-politizatu edota ez-abertzale eta ez-independentistek duten Euskal Herriaren irudikapena. Kezka handiagoa sortzen dit gure ingurune hurbilera begiratzeak. Iruditzen baitzait irudikatu nahiko genukeela erraten dugunok ere ez dugula zinez irudikatzen: ez gure estrategietan (hiru denborako bideak bai, baina nazio kohesiorako zer?), ez gure jardunean (zer egiten dugu elkarrekin?), ez komunikabideetan (gero eta gehiago irakurtzen ditut ikuspegi partziala ematen duten albisteak), ez eguneroko bizitzetan. Eta irudikatu ere egiten ez badugu, nekez jarriko dugu praktikan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.