Goizalde Landabaso
LARREPETIT

Auzokideak

2018ko azaroaren 20a
00:00
Entzun
Atzo etxeko txirrinak jo zuen; goikoak, alegia, atekoak. Bigarren pisuko bizilagunaren alaba zen, garagardo eskean. Oilaskoa egiten ari ei ziren, eta amak garagardo bila bidali omen zuen auzokideengana, lehengo eran. Harritu egin nintzen. Gure eraikina txikia da, bizilagunak gutxi batzuk gara, eta normalean ez gara ikusten. Ordutegi ezberdinak ditugu. Ez dut uste gurea bezain bakartia den igogailurik dagoenik. Gurea bezain desolatua den eskailerarik dagoenik. Eraikina garbitzen duenak soilik batzen gaitu. Bigarren pisuan bizi zirenak bereizi ziren, eta banaketa eta hilabete batzuetara jakin nuen nik. Areago, hirugarrenekoak guraso izan dira, bikoitzak dituzte, eta kalean gurditxuarekin ikusi arte ez nuen jakin. Lehenengo pisuan bizi dena ez dut hilabeteetan ikusi, eta azpiko auzolaguna sentitzen dudalako dakit existitzen dela. Auzokideen arteko hartu-emana hutsaren hurrengo da. Gurasoen etxearekin alderatu izan dut maiz. Hangoa beste mundu bat zen. Atari handi hartan sarri egiten zenuen topo batekin edo bestearekin; zenbat solasaldiren lekuko izan ziren marmolezko eskailera haiek. Bizilagunen arteko harremana, zenbait kasutan, lagun artekoa zen, eta da. Nik ondo gogoan dut gure gainean bizi zen emakumea hamabostean behin Baionara joaten zela, familia bisitatzen, eta etxera bueltan txokolatea uzteko beti gelditzen zela gurean. Beste sasoi batzuk ziren.

Madrilen badago «La escalera (eskailera)» izeneko egitasmoa. Eraikinetan bizi diren gizon-emakumeen arteko hartu-emana berreskuratzeko ariketa da. Ariketa baino gehiago, ahalegina. Komuneko tokirik ez da eraikitzen gaur egungo etxe-eraikinetan, eta, beraz, auzo-lagunen topatzerako toki erosorik ez dago. Hortik haratago, Bilbon, bankuak aldatu dituzte. Banakako bankuak jarri zituzten, eta zenbaitetan elkarri bizkarra ematen kokatuta daude. Ezinekoa da elkarrizketa. Ezinezkoa, topaketa. Ezinezkoa bestea ikustea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.