maddi ane txoperena iribarren
LARREPETIT

Balioa

2019ko urtarrilaren 2a
00:00
Entzun
Urteko sasoi honetan ohikoak izaten dira opariak. Olentzerok ekarritakoak, Bizarzurik edo Erregeek, edo, bertzerik gabe, lagun edo senideek Eguberri kari elkarri egindakoak. Izeiaren azpian, sekretuki, zein eskura: izkina guztietan eta denek aurkituko dute baten bat.

Alde anitzetatik egin dakioke kritika Eguberrietako sukarrari. Publizitatez (sexistaz) bonbardatzen gaituzte, kontsumoa areagotzen da, eta, nahi ala ez, horrekiko kritiko garen gehienok ere erortzen gara nahi gabe zurrunbilo horretan. Zeren eta, kasurik onenean ere, norberak erabaki baitezake oparirik ez egitea; baina eta egiten badizkigute, zer eginen diegu, uko?

Gure kuadrillan asmakuntza ederra izan genuen duela bizpahiru urte: opari ezkutua egitea. Asmakuntzarik onena, ordea, ez datza opari ezkutuaren sisteman berean (etxekoekin ere egin ohi dugu ezkutuko oparia, eta dendaz denda korapilatzen gara denok, arropa, jostailu edo tresnarik onena nork erosiko). Jarritako prezio mugan dago gakoa: 5 euroko gehieneko gastua egin dezakegu oparia egiteko, eta, 5 eurok ez duenez askorako ematen (eskulanetako materialerako justu-justu), irudimenari ireki dizkiogu ateak.

26an eman genizkion elkarri opariak, eta, berriro ere, harritu egin nintzen norbere eta bertzeen ezkutuko sormen gaitasuna deskubritzerakoan. Obra ederrak zeuden oparien artean, bertzela eginen ez genituzkeenak, ez baikara gehienak bereziki eskulanzaleak: egur eta sokaz osaturiko koadro, egutegi eta kutxak argazkiz beterik, eskuz jositako paparreko, txano eta kuxinak,gitarraz jotako abestiak... Ilusio gehiago egiten dute mendiko bota pare on batek baino, denda batek ematen ez dizuna ekartzen dizulako irudimenari eragin behar izateak: oparia jasoko duenarengan pentsatzea. Eta hori da, segur aski, oparietan ilusio gehien egiten duena: gugan pentsatu dutela sinestea. Eta, horrek, ordaindu ezin den balioa dauka.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.