Goizalde Landabaso
LARREPETIT

Amnesia kolektiboa

2019ko otsailaren 26a
00:00
Entzun
Batzuetan aurkitzen duzu oihu egiten duen norbait, hain ozen, belarriak estalita ere txilioak entzuten dituzula. Ez dago isiltasuna babesterik, eta hala ere, barrenean eragiten dizun pozak zu ere garrasira zaramatza. Horixe da Koleka Putuma idazle hegoafrikarraren Collective Amnesia lanarekin pasatu zaidana. «Zenbat abortu erori zaizkizu ahotik zure bizitzako gizonak zenbatzen zenituen bitartean?». Liburu gordina, deserosoa eta ausarta da. Feminismoaz, arrazakeriaz edota bortxaketaz idazten du: «Batzuetan (infernua) zakil bat da/ batzuetan (osaba) nagiagatik inork egokitzen eta amatatzen ez duen aire egokitua da/ batzuetan bakarrik (alabok) uzten gaituzte berarekin/ batzuetan (albo kaltea) beste era bat da esateko: koldarrak gara». Arrazakeriari eta kolonialismoari esaten dio nahikoa dela. Esaten dio:«... dagoeneko ezin diogu zuen sekretu eta ahuleziak gordetzeari eutsi/ Ezin dugu hormetako odola ezkutatu eta zuen eskuak zikinduko ez dutenarena egin...». Ez du beldurrik, ez du bilorik ahoan. Liburua kaleratzea «bera bezalako emakumeak mututzeko eta ezabatzeko ariketari purrust egitea da»; eta artxibatzea, berriz, kanonari «izorra hadi» adieraztea. Fede katolikoan hazitako idazleak hamaika galdera ditu. «Uste dut/ norbait hiltzen denero/ Jainkoa suizidatu egiten dela». Ikasitako lezio horiek denak darabiltza Koleka Putumak, ikasketetako mezua saboteatzeko, lezio bidezko kontrolari ttu egiteko. «Hain zaratatsua den toki honetarako zure isiltasuna ozenegi dago». Min du Koleka Putumak, min du maite duenak alde egiten duenean, zuriak bere belztasuna aurpegiratzen dionean, ezin duenean emakume bat maitatu, min du aurreko belaunaldietako emakumeen etsipena ikusten duenean, min, ezin duenean nahi duen gisara bizi. «Agian desikasi toki bat izan beharko litzateke». Zalantzarik ez liburua amaitu ostean: poesiarako grina piztu dezake Koleka Putuma idazleak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.