maddi ane txoperena iribarren
LARREPETIT

Zortzi arrazoi

2019ko martxoaren 6a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Etzi, kalera aterako naiz, nazkatuta nagoelako emakumeenganako biolentzia kasuak azalean bizi eta inguruan ikusteaz. Ez dudalako berriro ipurdirik ukitzerik nahi, ez babosorik jasan beharrik parrandan, ez bortxaketarik bizi gura, ez hildako emakumeen albisterik irakurri nahi egunkarietan.

Etzi, ez naiz joanen klasera, hezkuntzaren bidez transmititzen dizkiguten balio matxistak agerian jartzeko; eta irakasle zein ikastetxe ustez aurreratuenetan ere, historia liburuetan oraindik ere gutxiegi agertzen direlako emakumeak, agertzekotan.

Etzi, ez naiz lanera joanen, emakumeen eta gizonen arteko lan banaketa sexista salatzeko, soldata arrakalak badirauelako, eta emakume langile gazteok pairatzen dugun prekaritate amaigabeari ateak ixteko.

Etzi, ez dut erosketarik eginen, ez autorik erabiliko, ez telefono mugikorrik, kontsumo gizartean oinarrituriko sistema kapitalistak emakume, langile eta herrialdeen zapalkuntzan oinarritzen baitu haren diru pilaketa.

Etzi, amantala bat eskegiko dut balkoian, zaintza lanak nagusiki emakumeok egiten ditugula erakutsi eta balioan jartzeko. Ez dut ez bazkaririk prestatuko ez etxerik garbituko, konturatzen ez naizen arren nik ere egiten ditudalako gizartean baliorik ez duten lanak.

Etzi, bertze emakume ugarirekin batera lehen lerroan egonen naiz, emakumeon ahotsa entzunarazteko espazio ez-mistoen beharra erakusteko; elkarrekin borrokatu, gozatu eta ahalduntzeko.

Etzi, oihu eginen dut ozen, nire amatxik ez zeuzkan eskubideak gal ez ditzadan, paperean daudenak bete daitezen, eta gehiago lor ditzagula aldarrikatzeko.

Etzi, Euskal Herriko mugimendu feministak antolaturiko deialdietan hartuko dut parte, Euskal Herri aske bat feminismotik ere eraikitzen delako, egunez egun.

Arrazoi hauek eta bertze hainbat aipa nitzakeen; bertze hainbertze izanen ditu gutako bakoitzak. Kalean ikusiko dugu elkar.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.