maddi ane txoperena iribarren
LARREPETIT

Pertsonak

2019ko apirilaren 17a
00:00
Entzun
Bizitzak erdigunean jartzeaz hitz egiten dugu maiz. Ekonomia feministaren ikuspegiak ekarritako aldaketa da: zentraltasuna kapitalari eta hura metatzeari eman beharrean, bizitzak biziaraztean jartzea arreta. Eta zaintzari garrantzia emanez, bertzelako gizarte bat eraikitzea, bidean inor zapaldu gabe, edo ahalik eta gutxien, bederen.

Bizi garen erritmoan ez da erraza hori martxan jartzea. Eta ideiaren garrantzia barneratua badugu ere, guk ere baditugu kontraerranak: egiten ditugu akatsak, hanka sartzeak... Baina eskerrak ahulak garen; eta hala garela onartzen dugun.

Frantsesez bada erraera bat, dioena zuhaitzek basoa ikustea eragozten dutela. Detaile batean erreparatzeak osotasuna ikustea oztopatzen duela, alegia. Bada, nago kasu honetan ez ote den aurkakoa. Mugimenduari modu abstraktuan begiratzeak ez ote digun galarazten bere baitan duena ikustea: pertsonak, alegia. Zuhaitz bakarrari so egiteak oihanaren osotasuna lausotu bailezake, baina zuhaitzik gabe ez baita basorik.

Eta mugimenduak eta horien arteko tirabirak ezin baitira ongi ulertu horietan dauden pertsonetan erreparatu gabe. Talkak ideien artekoak izan arren, pertsonetan gorpuzten baitira, eta horietan hartzen baitute forma. Minak, frustrazioak, pozak, ilusioak... pertsonek sentitu eta bizi dituzte. Eta hori kontuan hartu ezean, zaila izanen zaigu gertatzen dena ulertzea.

Baina kasu: hau ez da indibidualtasunaren apologia bat. Zaintza ez baita ardurak ahantzi eta norbere zilborrari so nahieran ibiltzea. Zaintza inguruko pertsonengan arreta jartzea da, eta elkarrekin eraikitzen ari garen proiektua elikatu eta mimatzea, lanak denen artean banatuta. Zaintza da Gazte Topagune bat auzolanean muntatzea, laguntzaileei otordu goxoak eskainita; baita lanez gainezka dabiltzanei tarteka irribarre bat; besarkadak. Herri hau pertsonok eginen baitugu, edo ez baitugu eginen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.