maddi ane txoperena iribarren
LARREPETIT

Lerratzea

2019ko apirilaren 24a
00:00
Entzun
Nik ere ez dut uste Espainiako kongresuan eserleku bat izateagatik ezer handirik lortuko dugunik. Ez presoak Euskal Herrira ekarri eta askatzerik, ez independentziarik, ez emakume, langile, gazte eta euskaldunontzako bizitza duinago bat ere. Nik ere badakit Espainia ez dela gure estatua, ezta gure markoa ere. Niri ere sortzen dit mesfidantza lau urtean behin errepikatzen denbotoaren bidezko sistemasasi-demokratiko eta sasi-parte -hartzaileak. Nik ere sinesten dut herri mugimenduak garela eraldaketaren motorra eta giltza. Baina igandean, Baigorriko Nafarroaren Egunera joan aitzin, botoa ematera joanen naiz. Orain arte Espainiako Gobernuan egondakoak ere zapaltzaileak izan arren, ez dudalako nahi espainiar faxismoak bere aurpegirik ankerrena erakutsi eta horren ondorioak herritarrok pairatzerik: hainbestek jasan behar izan duten gisan, eta oraindik ere nozitzen dugun moduan. Aukera gutxien-txarrena ere hobea delako aukerarik okerrena baino.

Botoa emanen dut, herri zapalduon ahotsa Madrilera eramatea garrantzitsua iruditzen zaidalako. Gure hitza parlamentuan erabakigarria ez izan arren, hangoa kritikatu, traba egin, zirikatu eta egiak ozen errateko balio duelako. Adierazteko, adibidez, gure aluei buruz emakumeok erabaki nahi dugula, eta ez bertze inork; exijitzeko atera ditzatela haien esku zikinak Euskal Herritik; eta ozen oihukatzeko erregerik ez dugula nahi, ikurrina bat paparretik ateratzen dugun bitartean.

Bizitzea etengabe erabakitzea delako: zer gosaldu nahi dugun, norekin egin nahi dugun larrutan, eta zeini emanen diogun babes; nori begiratuko diogun eta zeri eginen diogun entzungor. Bizitzea bataren ala bertzearen alde edo kontra lerratzea delako, eta sofan eserita geldituta gauza gutxi alda daitekeelako. Baina, batez ere, bozkatu eginen dut, ez dudalako egin ahal izandakoengatik eta egin gabekoengatik damutzeko asmorik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.