maddi ane txoperena iribarren
LARREPETIT

Erregimenak

2019ko maiatzaren 29a
00:00
Entzun
Gerta zitekeen, bagenekien, baina bagenuen esperantza txiki bat ez zela hala izanen; berriz lortuko genuela duela lau urteko kalkulu miragarria. Baina ez; iritsi da gurera hondamendia: erori da Nafarroako aldaketa.

PSN eta Geroa Bairen artean gobernu «progresista» eraikitzeko aukera ez-txarrenak zutik dirau, baina zerikusirik ez. Erregimenaren parte direnek nekez eginen baitute euskal herritarron alde. Eta azken lau urteotan emandako aurrerapausoak—anitzentzat txikiak izanagatik bide bat markatu dutenak— zangopilatzeko arriskuan dira.

Gipuzkoan, Bizkaian eta Araban bertzelakoa da erregimena, horrek ere mugiezin dirauena leku anitzetan. Are, indartzen ari dena. Eta segituko duena sustatzen turismo masifikatua, abiadura handiko trena, hiri eredu kapitalista eta Zubietako erraustegia.

Kontua da, ordea —eta sarritan erran den gisan—, instituzioak ez direla sistemaren hanka bakar, baizik horietako bat. Inportantea, noski, baina ez beti determinantea. Eta hori ez ulertzeak dakar, sarri, lasaitze handiegi bat guk nahi ditugunak gobernuan daudenean; pentsatzea goitik aldatuko direla gauzak, gizarteak eguneroko bizitzan jarraitzen duen bitartean. Eta ez: Nafarroako aldaketaren gobernuak ez du erregimena gainditu, bertan baitiraute Elizak, botere ekonomikoek, komunikabide desinformatzaileek... Eta horiekin batera euskararen kontrakoek, matxistek, faxistek... Adibide bat ematearren, nekez lortuko ditu boto anitz alderdi abertzale batek Iruñean eta hortik behera, baldin eta euskararik ez bada ulertzen, entzuten, ez erabiltzen. Berdin ezkerreko alderdi batek nonahi, baldin eta aldaketa sozialaren aldeko giharrik ez bada kalean. Eta nekez irabaziko ditu aldaketak hauteskundeak alde handiz, baldin eta horiek guziak ere errotik aldatzen ez baditugu. Emaitzak gustatu zein ez, eta ez horiengatik, baina alda daitezen, lanean jarraituko dugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.