Jaume Gelabert.
LARREPETIT

Jabearen ahotsa

2019ko ekainaren 6a
00:00
Entzun
Asko gara azkenaldion goizero déjà vu sentsazioaz esnatzen garenok. Begiak ireki, ohatzetik altxatu ez nahitaez hurrenkera horretan, komunera joan eta gosaria prestatzea izaten dira egun hasierako betebeharrak. Gosaldu bitartean telebista, irratia edo egunkariaren bitartez ezagutzen ditugu azken berriak, eta une zehatz horretan noizbait bizi izandako egoera berriz ere errepikatuko delako susmoak indar handiagoa hartzen du. Esaterako, goizean goiz izan dugu PSOEren eta PSNren arteko eztabaidaren berri. Antzezleak desberdinak diren arren, antzezlana ezaguna egiten zaigu, buruan baitugu trama eta agertokiak dagoeneko ikusiak ditugula aurreko batean. Badugu bukaera lasai kontatzea, ez baitiogu inori intriga zapuztuko: Jabearen ahotsak agindua adieraziko dio morroiari eta honek, burumakur, men eginen dio. Horren ondorioz eskuin ultra-kontserbadoreak osatuko du iragarritako gobernu aurrerakoia; Jose Maria Pemanen «Familia, Aberria, Erlijioa eta Monarkia» leloa bezain progresista.

Beste déjà vu bat: 47 euskal herritar epaituko dituzte irailean presoen —euskal presoen— eskubideen aldeko ekimen baketsuak antolatzeagatik. Adjektiboa neronek paratu dut, fiskaltzak ez baitu berdin kalifikatu akusatuen jarduera —hiztegiak ez duela «baketsu» eta «bakezale» bezalako hitzik jasotzen irakatsi omen die Jabearen ahotsak Espainiako epaileei, auzipetuaren izenaren eta jatorriaren arabera, noski—. Abokatuak, medikuak eta presoen familiarrak izanen dira, besteak beste, Madrilerako bidea hartu behar izanen dutenak makro epaiketa horretan parte hartzeko. Fiskaltzak 8 eta 20 urte arteko zigor eskaerak egin ditu akusatuentzat ETAkoak izatea leporatuta —dena da ETA, baita ETArik ez dagoenean ere—. Esanen nuke ez naizela egutegiari begiratzeko premia izan duen bakarra, data ezagutzeko nahian. Eta pentsatzen dut baten batek hotzikara nabaritu duela egiaztatu duenean 2019ko ekainean bizi dela. Neronek ere zirrara sentitu dut, lasai hartua edo ikaraturik egin ote dudan esateko gai ez banaiz ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.