maddi ane txoperena iribarren
LARREPETIT

Pribilegiatua naiz

2019ko azaroaren 6a
00:00
Entzun
Europatik kanpo bidaiatu duen orok badaki zer erran nahi duen zuria izateak. Brasilera joan nintzenean deskubritu nuen nik, eta ez zitzaidan batere erosoa egin. Ez geunden bereziki dotore jantzita, baina azalaren koloreagatik bakarrik miresmenez begiratzen gintuzten batzuek; diru-eske nabaritzen genituen bertzeak. Eta anitzek ez genuen sosik, baina zuriak ginen. Eta horrek, nahi ala ez, gauza anitz erran nahi ditu.

Kontua da ahantzi egiten zaidala nire azalaren kolorea (bertze batzuei egunero oroitaraziko diete); eta zapaltzaile egiten nauten ezaugarrietan baino zapaltzen nauten horietan jarri ohi dudala arreta: zenbat aldiz ez ote dut nabarmendu emakumea eta euskalduna naizela?

Euskal Herriko V. Jardunaldi feministetara ere hori burutan joan nintzen: ea zapaltzen nauten mekanismo horiez zer berri ikasiko, nola asmatuko aurre egiten. Kontua da batzuetan zaplazteko batez etortzen zaizkigula kontraerranak gainera, eta ustez zapaldu gisa joan nintzen hartatik zapaltzaile modura ere bueltatu nintzen. Ohartu bainintzen, erran gisan, zuria naizela, eta nire azalaren kolorea bera pribilegio bat dela. Baina ez zuritasunagatik beragatik. Pribilegio bat da, etxe bat alokatzeko edo lana bilatzeko ez didatelako inoiz bitxi begiratu; ez dutelako nigan ezjakin bat edo erasotzaile bat ikusten; dokumentu ofizialak ditudalako gainean... Eta ez dakizkidan bertze mila gauza, ziurrenik. Ohartu nintzen, era berean, zis-emakumea naizela, eta oro har heteroa, ere bai. Whatsapp bidez aste batzuk lehenago iritsi zitzaidan pribilegioen neurgailuan, bertze kontu batzuk: ez dudala inoiz izanen teilatu premiarik, eta nire itxuraz ere ez dudala kexatzeko aitzakiarik, adibidez.

Zutabe hau ere, finean, kontraerran bat da bere baitan. Pribilegio bat delako hemen idaztea bera. Eta onartu eginen dut: pribilegiatua naiz, eta kito. Gaur, baina-rik gabe.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.