Nora Arbelbide Lete.
LARREPETIT

'Z' idazteko hamabi modu

2020ko urriaren 23a
00:00
Entzun
Frantsesez 'z' soinua idazteko hamabi modu daude: s, ss, c, cc, sç, ç, sc, t, th, sth, x, z. Adibide hau Arnaud Hoedt eta Jérôme Piron irakasleena da, «À qui la faute?» (Norena da hutsa?), Parler comme jamais (Sekula ez bezala hitz egin) emankizunetik hartua.

Batzuentzat horrek egiten du eder frantsesa. Konplikatua dena, ederra da. Konplikazioak sotiltzat dituzte. Ortografiarekin arazoak dituztenek gehiago ikastearekin aski luketelakoan. Ez dutelakoan aski indar egiten. Ezaxolakeria balitz bezala. Hori leporatzen zitzaien anitzetan jaka horiei. Sare sozialetan idazten zituzten aldarrikapenetan huts ortografikoak zenbatzen jostatzen ziren aurkariak. Haien sinesgarritasun guztia porrotera eramaten zuten kritika sinple horrekin. Huts ortografikoak biziki eraginkorrak dira. Diskriminaziorako.

Indar txiki bat.

Hitzak eta ortografiak memorizatzeko modua ez dugu denek bera. Batzuei hitz bat behin begiratzea aski zaie ortografia barneratzeko. Instintuz ari direnean ere, funtzionatzen zaie. Beste batzuentzat memoria kontuak ez dira hain errazak eta ortografia ez da begi bistako. Dislexikoei, adibidez, zailtasunak ugaritzen zaizkie.

Banaz beste 80 oren iragaten dituzte kolegioko ikasleek 6.etik 3.enera lehenaldiko partizipioa ikasten. Pentsa, Frantziako Hezkuntza ministroa den Jean-Michel Blanquer ere harrapatu dute ortografia kontuetan.

Erreformak, izan, izan dira. Baina XIX. mende erditsuan gelditu da dena, ortografia kontuak Frantziako Estatuak bere gain hartzean. Ofiziala, nazionalizatua, baitezpadakoa egin da ortografia, lehen maila bezala. Poliziaren lanetako bat saltegietako izenburuetan hutsak begiratzea izan da. Eta geroztik, aldaketak ezinezkoa dirudi.

Lehenagotik heldu baita, gainera, konplikazioa. Izan ere, ortografia hautatzeko unean, forma aldaera konplikatuenaren hautua egin izan dute. Nahitara. Hautu politikoa. Horrela justifikatu duena 1673an Mezerayk Frantziako akademian: «Ortografia zaharra segitu nahi duela iragartzen du Konpainiak [akademiak], jende letradunak ezberdintzeko ezjakinengandik eta emazte soilengandik».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.