Nora Arbelbide Lete.
LARREPETIT

Coca-cola bat?

2020ko urriaren 30a
00:00
Entzun
—Jainko maitia, David, gizarte zibilizatu bat garela!

—Makinek ongi funtzionatzen duten bitartean, eta sokorriak deitzen ahal ditugun bitartean. Baina kendu hori, jendeak beltzera bota, beldurra sortu, arauak desegin eta ikusiko dugu.

—Jendeen baitan aski ikara sartuz gero, zernahi eginarazten ahal diezu.

Stephen King. The Mist narrazioa, Frank Saramontek zinemara egokitua 2007an. Lanbro ikaragarri batek inbaditu du hiria, eta herritar andana bat supermerkatuan harrapatu ditu. Supermerkatu kanpoa munstroek inguratu dutela, barnean, humanitatearen digak saltatu dira.

Antsietatea puntu gorenerairitsi dela, suspensearen maisua den Stephen Kingen munduan sartzea erremedio egokia izan daiteke, ez? Zer egin bestela?

Lankide bat heldu zaizularik negarretan kulpabilitateak jana. Bere lagun batek koronabirusa duela jakin duelako. Eta ondorioz hurbileko kontaktua bihurtu delako. Eta ondorioz, potentzialki, hark ere koronabirusa daukala, eta ondorioz, nahi gabe ere, jende anitz kontaminatu dituela behar bada, eta ondorioz, potentzialki, arriskupean jarri dituela osasun ahuleko hurbileko zenbait, eta ondorioz: «Iduritzen zait kalaxnikov bat hartu dudala eta inguruan nuen guztiari tiro egin diodala». Negar malkoak ezin atxikirik. Eta aldi berean lanera etortzera behartzen dutela, berez, ez delako oraindik kontaminatua. Jakiteko koronabirusa duen, azterketa egin behar. Baina azterketa egiteko aukerarik ez. Laborategi guztiak lepo.

«Barkatu, ez zen nire intentzioa negarrez hastea, hor, orain, zuen aitzinean». Duela bi egun gertatu eszena bat da, egiazkoa. Konfinamendua berretsi aitzin gertatua. Baina konfinamenduarekin ere ez da segur antsietatea zein kulpabilitate sentsazioa apalduko denik.

Hots... berriz ere, Stephen King apur bat hartuko duzu agian? «Bizitzaren funtsezko egietako bat hauxe: 300 kilogramoko pisua duen coca-cola banatzaile bat orduko 60 km aitzinatzen ari dela eta gu haren azpian harrapatuak izateko arriskuan garela, ez dugu beste ezertan arranguratzerik».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.