Hedoi Etxarte
LARREPETIT

Edertasuna eta jakituria

2020ko abenduaren 26a
00:00
Entzun
Igorlerik gabeko gutun-azal bat iritsi zitzaidan duela aste batzuk. Zigilatzetik salbuetsia zegoen salbamendu-jaka. Barnean Archipiélago aldizkariaren 54. zenbakia zekarren, Cornelius Castoriadis ardatz izan zuena. Azalean greziarraren argazki ezaguna zegoen: eserita, besoak zabalik baina zangoak gurutzatuta.

Besteak beste, Emmanuel Rodriguezen artikulu bat zekarren. Bi pasarte berreskuratuko ditut, egile madrildarrari irakurri diodan ekarpen borobiletik. Castoriadisen ekarpenen sintesia egiten Rodriguezek zioen demokrazia tragikoa erabakitze kolektiboan oinarritzen zela ala, nahi bada, ontasunarekin edo justiziarekin erakundeek duten harremanaren «galdekatze infinituan». Demokrazia tragikoaren arriskua, beraz, galdekatzearen bidezko desagertzea da. Horregatik, Castoriadisentzat, politikaren bertuteetako batphronesis-a zen (justuki pentsatu eta ekitea), alegia neurritasunaren edo automugaren artearekin jokatzea. Horren ondorioz, kolektibo autonomo baten arrisku nagusia hybris-a da: gehiegizko harrokeria, bere burua eratzen duenak erreferentzia puntu nahikoa solidoak ez izatea, arrazoia gainditu eta galtzen duen omnipotentziaren ilusioa edukitzea.

Artikuluaren amaieran Tuzididesen araberako Periklesen hileta-otoitzari buruzko aipu hau dago: «Edertasunaren eta jakituriaren maitasunean bizi gara, haiekin eta haien bidez, baina egiten dugu nabarmenkeria eta gurikeria ekidinez». Badakigu edertasuna, jakituria, nabarmenkeria eta gurikeria ere erreferentzia historikoak direla, ekintza zehatzetan esanahi bera zertan izan ez dutenak. Baina ni halako iparrorratz baten eskasian nago eta hartuko dut hau, urteko azken aipu gisa. Esnobismoaren kontra. Jakituria mespretxatzen dutenen kontra. Aipua abandonatu behar izan den etxeko giltza bezala, ezagutzeke dugun amonaren amona bezala: edertasunaren eta jakituriaren maitasuna.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.