Blanca Urgell
LARREPETIT

Esperantzaren sinonimoak

2021eko otsailaren 3a
00:00
Entzun
Etxean, txertoa heldu eta atzeratzen hasi zenean, txantxetan ibili ginen ez ote zitzaigun guri Errusiako txertoa esleituko azkenik. Nahi bai! Moskuko lagunak esan dit han errusiarrak denak txertatuak direla, eta hasi direla arrotzekin ere. Gutxiago balitz ere, pentsa. Hemen, aldiz, badakizue: Madril baino pixkatxo bat gorago gaude txertatuen ehunekotan, hots, grafikaren beheko aldeko zolatik hasita bigarrenak.

Pfizer ez omen dugunez izango, hitz egin dezagun Zippoz, edo pffffff-z edo, ze demontre, hobeto Zipf-ez, zehazki Zipf-en legeaz. Ezagutzen? Nik etzi ezagutu nuen. Eta honela dio: edozein hizkuntza naturaletan (baita esperantoz ere, antza) maiztasun handieneko lehenengo hitza gutxi gorabehera bigarren hitza bi halakotan agertu ohi da, hirugarren hitza hiru halakotan, eta abar. Galdera: zein ote da lehenengo hitza euskaraz? Honelakok ama erantzungo du, agian, halakok esku, etxe edo barkatu, ez dakit. Euskal Hiztegiaren Maiztasun Egitura (EHME) tresnak diosta hitz horiek ez direla gutxi erabili (esku 11.193 aldiz, etxe 8.732, ama 7.756 eta barkatu 1.435). Egia da tresna testuetatik elikatzen dela, eta batzuk gehiago erabiltzen direla ahoz, ezta? Ama! Barkatu! Bakoitza berez edo biak elkarrekin…

Dena dela, lehiakide hobeak badira, Itziar Lakak «Hitz ñimiñoak: hizkuntzaren igeltseroak» hitzaldian poliki azaldu zuenez. EHMEn edo 74.369 aldiz jaso da, eta eta 987.639. Zipf-en legea frogatu nahirik, 987.639 eta 500.000 artekoak bilatzea eskatu diot tresnari. Deus ez. 400.000ko muga ipini eta, ezetz asmatu: ez agertu da bigarren lekuan (442.503 agerpen).

Lekutan daude beste hitz guztiak igeltsero ahalguztidun ñimiño horietatik. Halere, besteren bat dagoena baino gorago ipintzekotan, egin dezagun aproba esperantza eta haren sinonimo anitzekin: itxaropena, igurikitza, itxarobide, itxoipen, mentura, peskiza, uste on...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.