Blanca Urgell
LARREPETIT

Hiru-lau gauzatxo

2021eko martxoaren 17a
00:00
Entzun
Kanadako gobernuak agindu omen du ez daitezela eraikinak halako edo holako solairurik gabe egin superstizioak direla eta; izan ere, jatorri ezberdineko etorkinak hain dira-eta ugari eta ñabarrak non suhiltzaileek arazoak izan baitituzte horregatik: zein solairutan esan duzu dela arazoa? Jesus!

Neure begiekin ikusi dut Estatu Batuetan 13. solairu gabeko hotel bat. (San Martintxok Txerreni «ez dok hamairu» esan… eta hantxe zunan, bai: adi!). Aldiz, «lau» zenbakia saihesten omen dute hizkuntza sinotibetarretan, bai eta txineraren kultur mendekotasuna izan dutenetan ere, zeren eta «lau» eta «heriotza» antzera ahoskatzen baitira: gutxi gorabehera mandarineraz, sei kantoneraz, shi japonieraz, tu vietnameraz, sa koreeraz, etab. Irakurri dut japoniarrak harago doazela: ospitaletan 42. gelarik ez, shi-ni esapideak zenbakia adierazteaz gain «hiltzeko prestatu»-edo esan nahi baitu. Eta, ama berrien atalean nola jarriko 43. gelarik, shi-zan aldi berean «erditze hila» bada? Egiazkoa ez balitz, ondo asmatua litzateke, italieraz diotenez.

«Lau» zenbakia laua da guretzat. «Hiru» zenbakia, aldiz, noiz nola. Badu parte onekotik zerbait: «hilaren 3. eguna nolako, eta hil guztia halako» jaso zuen Azkuek Oiartzunen. Ezertarako izango badira, hirutan egin behar dira zerbait eskatzeko balio duten otoitzak. Ostera, ez genioke ez hilerriari, ez elizari, ezta etxeari ere hiru itzuli eman behar gauez. Ipuinak dioenez, «baietz egin» bota omen zuen erronka neska batek itzuli bat egin, biga egin, eta hirugarrenean betiko desagertu zen. «Katalin, deabruak eraman din» entzun omen zen ondotik. Neskak gauez etxean, beraz...

Gaitzerdi, gaur den egunean gauekoek ez dute zereginik: denok zintzo etxean. Honegatik suediarrekin bat nahiago dut pentsatu on guztiak hirutan etorri behar direla, baita jai-egunak ere aukeran: asteburu luze on dizuela!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.