Hedoi Etxarte
LARREPETIT

Askatasuna Wendy Brownekin

2021eko martxoaren 20a
00:00
Entzun
Ze toki eman askatasunari olatu antidemokratikoei aurre egiteko? Hori da —funtsezko beste hainbat auzirekin— Wendy Brown-ek States of Injury (1995) liburuan landu ardatzetako bat.

Brownen kezketako bat da askatasun politikoaren gauzatzea ezin dela, zentzu demokratizatzaile batean, afera filosofiko soil bat izan. Nietzscheren ildotik, Brownek zehazten du askatasun bulkadak «halabeharrez» direla «erreakzionarioak, egoera bidegabeen eta indarkerien kontrako erreakzio gisa» sortzen diren heinean. Jaio eta hazten dira zapaltzailearen markoan. Askatasun gosearen funtsa etsaien suntsitzea da, baina irudimen «ekintza horretan zapalkuntza sortu duten baldintzak birziklatu eta errehabilitatzen dituzte, landu beharrean». Hala: «langile zapalduek lana ezeztatutako munduarekin egiten dute amets, beltzek irudikatzen dute zuririk gabeko mundu bat, feministek gizonik ala sexurik gabeko mundu bat inbokatzen dute, edo nerabeek gurasorik gabeko mundua dute fantasia». Sufrimenduaren ispiluek irudi alderantzikatu gisa funtzionatzen dute Brownen esanetan: «Ez dute eraldatzen sufrimendua sortzen duen ekintzaren antolaketa eta ez diote ekiten dominazioa burura daraman subjektuaren eraketari».

Paradoxa bat seinalatzen du Brownek askatasunaren eta identitatearen artean: menpekotasun bat dago askatu nahi duenaren eta menpekoa zapaltzen duen egituraren artean. «Gizakiaren benetako emantzipazioa», Marxekin erantzuten du Brownek, «ezin da testuinguru zehatz eta historiko bateko mugen gainditzera mugatu». Historiaren amaieran, gainditzean, ez da debeku zehatzekin bukatu behar, «askatasun oso eta betiereko bat behar da, ez askatasun partzial bat ezta saihespenezko bat ere, baizik eta denboran eta espazioan absolutua». Marxentzat emantzipazioak erreferente negatibo bat zuen (kapitalismoa) eta eduki positibo bat (kapitalismoaren abolizioa); besterik da, Brownek aztertu bezala, denborarekin, ikuspegi hori ere historiko bihurtuko zela, alegia, mugatua. Egungo erronka politiko ia guztien mapa egin zuen duela 26 urte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.