Telelanak aldaketa ugari ekarri du etxeetara. Agerikoenetatik hasita, lanaldiaren eta lan orduez haragoko bizitzaren arteko bereizezina batetik, eta bestetik norberaren intimitatearen galera, bai arlo profesionalean —pantailaren bestaldekoak sukalderaino sartzen zaizkigu, nire kasuan literalki—, baita bikotekideari dagokionez ere —jada esparru hori ere ez zaiolako gelditzen niregandik aparte—. Telelana, hortaz, famili bizitzaren luzapena da, famili bizitza telelanaren luzapena den bezala.
Artikulu ziztrin baterako argudioak zerrendatzen ari nintzen, bikotekideak —nire gisa, aski gorra— egongelako mahaia beretzat hartu, ordenagailuaren bozgorailuei martxa eman eta bilera batera konektatu zenean. Aurkezpen bat entzun behar omen zuen—genuen—, ZTBP Euskadi 30 delako planarena alegia, datozen urteetan Zientzian, Teknologian eta Berrikuntzan jarraituko diren ildoak azaltzeko antolatua (Eusko Jaurlaritzaren domeinutik betiere).
Intimitate profesional ezaren erruz —eta erremediorik ez duen kuxkuxeroa ere banaizelako— aditu nituen kontuen gaineko iritzirik ematera ez noa, baina horra nire sorpresa, horra nire amorrua, atariko «egun on» goibelaren osteko berriketa oso-osoa gaztelania hutsean zihoala jabetu nintzenean. Berehalakoan heldu ziren nire kezken gaineko argibideak: «Azalpenak euskaraz nahi dituenak, eskura beza txostena». Gaztelaniaz esana, hori ere.
Zientzian, Teknologian eta Berrikuntzan inoiz baino euskaldun gehiago dugun honetan, horra zer dagoen euskaldunarentzat, akuilu izan beharko luketenen aldetik. Batetik bazterkeria sistematikoa, jardun garrantzitsuetan, etorkizuneko planteamenduetan, sosak banatzen diren esparruetan eta sozializazio ekitaldietan hutsaren hurrengo sentitzea. Baina gainera, zigorra. Euskaraz nahi duzu informazioa? To ehun orrialde baino gehiago dituen adreilu itzulia. Zoaz zokora eta irakurri.

LARREPETIT
Planetan sartzen ez diren planak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu