Blanca Urgell
LARREPETIT

Hasi eta jarrai

2021eko ekainaren 16a
00:00
Entzun
Lehengo batean«Zure adina esan gabe, gazteek ulertuko ez duten zerbait» jokoa zabaldu zen Txio Herrian. @txikerretxea-k «Ama, atea! Ireki ezazu, ba!... Nor da? Bi emakume dira» txiokatu zuen, Jalgi Hadi metodoaren lehen ikasgaia, «Eusko gudariak gera...» abestiaz geroz ikasi nuen lehenengo segida luzea. Gaur otu zait «Hasi eta Jarrai» ere jar zitekeela. Herriko Alderdi Sozialista Iraultzailearen akronimoa zen bata (1977-1992; ahoska bedi «Jasi»), eta bestea, derrigor ezagunagoa, gazte mugimendua (1979-). Baduke interesik ezker abertzaleak aditzak erabiltzeko daukan joeratxoak, baina ez da gaurko gaia —«ooooo!»—, aditzen aspektua baizik.

TAM izena eman ohi diogu aditzaren hiru ezaugarri nagusiren multzoari: denbora, aspektua eta moduari. Aditzak adierazten duen ekintza, gertakaria edo egoera zertan den diosku aspektuak. Aspektu anitz daude, bai eta aspektua adierazteko modu anitz ere. Oihan txiki bat da aspektuaren mundua, eta hasi eta jarrai oihan horretako biztanleak dira.

«Hasi naiz liburua irakurtzen» edo «Liburua irakurtzen jarraitzen dut» perpausetan, hasi eta jarraitu-k ez dute ohiko esanahia, gertu egon arren, baizik eta tzen aditz-izenarekin perifrasi bat osatu eta aspektua adierazten dute. Hasi-k ekintzaren hasiera: aspektu inzeptiboa (latin incipere 'hasi' aditzetik). Jarraitu-k aspektu kontinuatiboa, hots, dena delakoa ez dela eten, ez amaitu.

Biak berriak zirelakoan nengoen, erromantzearen kalkoak. Etxeparek erakutsi dit lehen ustea ustela dela: «Haren [justiziaren] faltaz hasi nuzu jaugitiaz dolutzen». Besteak, ordea, mendea pasatxo baino ez dauka, Mogelek lehenengoz erabili zuenetik (1803).

Dena den, irudipena dut gaurko jendeak ezin duela horiek gabe bizi. Obsesionatzen ari naiz. Edonon ikusten ditut. Soberan. Soberan! Kendu nahi nituzke.Ai, ei. Barka, otoi! Hau luzatu da eta... hasi behar dut bukatzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.