garbine ubeda goikoetxea
LARREPETIT

Hilabete petrala

2021eko ekainaren 24a
00:00
Entzun
Ekainak, udararen ataria izanik, zentzu positibo eta emankorra du gehientsuenon baitan, kasik euforikoa, lasterketa luze baten azken txanparekin aldera litekeena nahi bada. Baina izatez hilabeterik petralena izan da beti (edo bederen eskolatu nindutenetik, jada lehengo mendearen barrenetan). Nik neronek, gorroto dut ekaina. Denak du tentsioa kiloka eta amorrua metroka. Dena da nekea, estutasuna eta ezina.

Lanean nahiz bestelako arduretan, instituzioetatik lagundutako proiektuen gaineko txostenak, diru-zuriketak, ikasturte amaierako memoriak eta bestelako literatura merkea parrastaka sortu beharra, irudimenari zirrikiturik estuena ere utzi gabe. Era berean, aurreko hilabeteetako malkarretan akitu ez diren lauzpabost neuronak beren arteko loturak galdu arte kitzikatzeko premia, irailera begira martxan jarri nahiko liratekeen proiektuei ideiak, sustengua, laguntza, ekarpen ez interesatua edo dena delako hondar ale hori ezinbestekoa izaten zaielako, gurea den kultura azpiratu eta konplexuz josian.

Etxean, gai batek eta berak hondatzen dizkigu astebarruko otorduak eta kakazten asteburuetako arratsak. Azterketak dira gure amesgaiztoa. Hitz horren orbitan dabiltzan sateliteek (batez bestekoa, neurketa, formula, epaia, nota, gainditu, ezin ulertu, hautaketa-proba, kopiatu, buruz ikasi…) meteoritoak balira bezala jotzen dute gure lau pareten artean, eta arnasa hartzen uzten ez duen hodei iluna harrotzen. Partikula astunak barreiatzen ditu, merkurioarenak bezain toxikoak. Ugarienek sistemaren bidegabekeria, aztertzailearen apeta edota injustizia saihetsezina dute izena.

Noiz bihurtu ote zen ikasketa-prozesua estresaren eta sufrimenduaren sinonimo. Zer dela eta urrundu genuen jolasetik, neurketaren eremura eramateko. Zergatik da eskola gizartea bera baino baheago, konpetitiboago eta zikoitzago. Noiztik ez du, sinpleki, ikastea helburu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.