Albistea entzun

LARREPETIT

Camembert versus Mozzarella

Hedoi Etxarte -

2021eko urriak 16

France Interreko goizeko zortzietako albiste nagusia entzuten hasi nintzenean ez nuen sinesten. Ostegun goiza, bigarren kafea. Dastamenak har ditzakeen zaporeen galerarekiko halako kezka batekin planteatu zuten albistea: «Bagetarekin eta txapelarekin batera frantsestasunaren elementurik ezagunenaren atzeraldia».

Frantziako gaztarik ezagunenak aurreneko postua galdu omen du Hexagonoko bere rankingean «hain usaintsua ez den» eta atzerritarra den elikagai batekin. Pandemiak eragin omen du ordezkatzea, urte hasieratik da nabarmena.

Camembert gaztaren ekoizleen elkartetik adierazi dute urtea hasi zenetik irailaren 11ra 29.230 tona camembert saldu dutela, eta 33.170 izan direla mozzarellaren tonak.

2020. urtean piztu ei ziren sos deiak, birusa iritsi eta %20ko goraldia izan zuen Italiakoak, edozein konbinaziotan txukun geratzen den esnekiak.

Metaforak herrestan etorri dira gazta ekoizle normandiarren aldetik: gerra, porrota, hondoratzea. Tokiko ekoizleak ere kexu ei dira, camemberta bere industrializazio eta metodo intentsiboen erruz «banalizatu» dela. Antza, babestutako ziurtagiria duten camembert gaztek ez dute atzera egin; ordea, afera da ekoizle horien salmentak %10aren bueltan dabiltzala, ez gehiago, eta ez direla handituko ezin dutelako. 2015ean hasi zen camembertaren pixkanakako beheraldia eta garai berean mozzarellaren igoaldi nabarmena.

Zifraren klabeetako bat da, Normandiako camembert ekoizleen sindikatuko lehendakariaren arabera, egun camemberta gehiago ikusten dela bere horretan ogiarekin lagunduta jateko gazta gisa, eta mozzarellak kendu diola kozinatzeko gaztaren papera. Bi gaztaren, bi ereduren, bi zaporeren lehia da Figaro paperak nabarmendu duena, baina, ohi bezala, ez bakarrik, camembert helburu, betiere.

Sareko BERRIAzalea:

Udazkenean, BERRIAlagun egiteko pausoa eman dezazun, eskaintza bat egin nahi dizu BERRIAk. Herri baten kulturaren plaza da BERRIA. Kultur egitasmo, dinamika eta ekitaldi anitzen erakustoki. Euskal kulturaren inguruko informazioaren plaza handia. Azaroan eta abenduan, Euskaraldiak, Bertsolari Txapelketa Nagusiak eta Durangoko azokak hartuko dituzte, besteak beste, BERRIAren orrietako asko, paperean eta webgunean.

Albiste asko irakurriko dituzu, segur aski webgune honetan bertan. Eta eskari bat egin nahi dizugu: har ezazu konpromisoa irakurtzen duzunarekin. Irakurleen babes ekonomikoa funtsezkoa da BERRIAren etorkizuna ziurtatzeko.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...