Hedoi Etxarte
LARREPETIT

Etxe bat norberarena

2021eko urriaren 30a
00:00
Entzun
Ez ditut zentimetro hauek Macronen, ala Europan indarrean den bestelako kapitalaren gobernuen, bozgorailu gisa erabili nahi. Baina anabasaren, okurrentziaren eta propagandaren artean, lantzean behin, txinpartak dauzkate. Urriaren 14an, adibidez, Etxebizitza ministro Emmanuelle Wargonek agerraldi bat egin zuen kotxearekiko menpekotasuna duen urbanizazioaren kontra. Nabarmentzekoa da Bigarren Mundu Gerraren oste luze horretan Frantziak eredu anglosaxoiaren alde egin zuela nabarmen (zer ote den Lapurdi lau hiriguneetatik kanpora). Hain egiturazkoa izan zen apustu hori, egun Frantzian bizi direnen %55 unifamiliarretan bizi direla. Wargon kapitalaren ordezkaria da eta, halere, argi esan du jabetza eredu hori «zentzugabekeria ekologiko, ekonomiko eta soziala» dela. Irakurketa nondik datorren ulertuta (alegia, langile jende guztia erlauntzetan sartuko luketela eta lo egiteko tokia partekatzeaz aparte norbanakoa isolatua nahi dutela), bitxia da mugimendu eraldatzaileek gurean ere ez diotela, letra larriz, inolako irakurketarik egin hirigintzari. Asko jota gehiegikeriak salatu dira: turistifikazioa, etxeen gehiegizko prezioa, desjabetzeak. Baina ez da egon ez plan orokorrik ezta bestelako desira kolektiborik azken hamarkadetan: ahal izan duen klase ertainak jabetza pilatu du.

Wargonek kritika zorrotzak jaso zituen, ez emantzipaziotik baizik eta nik-nahi-badut-eskubidea-daukat logikatik. Norbanakoaren kotxea, unifamiliarra, bigarren etxebizitza, autokarabana, ikuzgailua. Logika horretan. Hain popularrak izan ziren kritikak, ministroak atzera egin zuela azkenean, esateko baietz, eredu berri bat martxan jarriko dutela Frantzian: 1970eko hamarkadetan jarri zutenaren berdin-berdina. Bistan da norberaren ekintzek ez dutela aldatzen mundua, behar dela bertebrazio bat, baina klase ertainaren desira, oligarkiaren munduaren kopia miniaturan, eder dirudien infernu bat da. Eta Cerdàren hipotesiak itzuli dira: hiri konpaktua hipotesi kolektibo gisa, landa uzteko bakean eta ez turismotik ala unifamiliarretatik suntsitzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.