Hedoi Etxarte
LARREPETIT

Debekuen alde

2022ko martxoaren 12a
00:00
Entzun
Halakoetan sartzen zait hiltzear dagoen poeta zaharraren garra. Baina hark ez bezala debekatuko nituzke armak, jabetza pribatua, presidenteak, kantzilerrak, ministerioak, heriotza zigorra, polizia, armadak, SWIFT kodea. Baina ez litzaidake bururatuko artista faxistak debekatzea, adibidez, ezta faxismoari esker hazi eta hezi zirenak ere, ezta Txillida ere. Ez nuke ezta faxisten trajeak egiten zituen eta esklaboak erabili zituen Hugo Bossen diseinurik debekatuko ere. Basakeria erauzi nahi dugu ala basatiak, eta haiekin harremana izan nahi duen edozer, basatiki desagerrarazi?

Begiratzen dut etxeko apaletara eta daude Evgenia Ginzburg eta Andrei Kurkov, Céline eta Ezra Pound. Ez dezala nirekin kontatu idazle, ingeniari, diseinatzaile, okin edo jostun baten obra edo ekarpena azaleko argudioren batekin debekatu nahi duenak. Are gutxiago norbaitek hizkuntza batean artea ekoitzi duelako. Zeren, Bertolt Brechtek galdetu zuen bezala, «Zergatik ezin zuen Albert Einsteinek ulertu gerraren benetako arrazoiak interes materialak zirela?». Ala zergatik ezin dugu ulertu indar proto-faxisten hiruki hori (Ukraina-Errusia-NATO/EB) klase borrokaren enegarren adierazpena dela, ez dagoela bloke bakarrean inolako askapen aukera esturik? EB eta NATO direla azken hamarkadetan kontinente guztietan gerrak sustatu dituztenak eta Errusiako agintaritza G8 beraren parte dela.

Irudipena daukat ez ote diren zentzudunenak izaten ari Ukrainatik ihes egiten duten errefuxiatuak, desertoreak. Ulertu dutelako zuten guztia galtzea izan dela egunen batean zerbait eskuratzeko aukera bakarra. Akaso 1933ko Brechten erantzun hura osorik itzuli beharko nuke, hala amaitzen da: «Klase agintariek eraso harrapakariak egiten dituzte etengabe beren menpekoen kontra eta horrek azkenean haien artean nolabaiteko nihilismo bat sortzen du. Nihilismo horrek intelektualak erakartzen ditu, baina hori da ez dutelako nabaritzen etengabeko gerra». Gerrari gerra gure bakardadetik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.