Hedoi Etxarte
LARREPETIT

Nobela eta maitasun erromantikoa

2022ko martxoaren 19a
00:00
Entzun
Duela aste batzuk argitaratu zuten Lou Heliot-ek Eva Illouz soziologoarekin izandako solasaldia (Arimaren etorkizuna eta Estandar emozionalen sorrera euskaraz irakurgai daude).

Maitasunari buruz azken hamarkadetan egin diren irakurketa zorrotzenak Illouzek egin izan ditu. Eta Helioti aitortzen dio maitasuna soziologiatik aztertzea nerabezaroko irakurketekin dagoela lotuta. Maitasuna hor bertan zegoela, izan literatura legitimoan izan tren geltokietako kioskoetan saltzen ziren horietan. Illouzek nabarmentzen du Balzac, Proust edota Cohen bezalako idazleeksoziologoek bezala idazten dutela. «Maitasunak bere baitan dauzka indar sozialak»; alegia, ez dela gizartetik kanpoko zerbait, bere baitako mekanismo bat dela.

Maitasuna aztertzerakoan bere langai nagusietako bat izan dira, aipatutakoez gain, Zola, Flaubert edota Austen. Genero psikologiko eta soziologikoa dela eleberria dio Illouzek. Afinitate bat dagoela eleberriaren eta maitasunaren gaiaren artean. Sekuentzia narratibo batetik bestera pasatzea, korapiloz korapilo, hori maitasunaren logika da eta eleberriarena ere bada. Baina, gainera, Illouzek dio eleberriak formalizatu zuela maitasunaren sentimentua. Eleberria sortu eta hazi zen, gizartean maitasuna bizitzeko aukera gisa zabaltzen hasi zenean, bikotekidearen hautua planteatzen hasi zenean.

Eta trukean eleberria eredu bilakatu zen, moldeak sortu zituen eredu bat, «aldi berean gizartearen isla baina baita eredu». Zer gertatzen da, baina, maitasuna bukatzen ari den ala bukatu den garai honetan? Bada, bi bukaera sinkronizatzen ditu Illouzek. Batetik generoarena, egun zinemak eta telesailek egiten dutela ispilu eta eredu lan hori, ez eleberriek; eta bestetik 1960-70eko iraultza feministari esker literatura gehiago ari dela jotzen ez aukerara (Madame Bovary eredu), baizik eta deskonposiziora, porrotera eta ezintasunera. Halakoetan geratzen naiz beti antzera: nahiago dudala sarritan irakurlea irakurri, jatorrizkoa baino, desplazamenduen kontzientzia handiagoa izateko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.