Hedoi Etxarte
LARREPETIT

Bandera gorria

2022ko uztailaren 9a
00:00
Entzun
Tentsio bat dago, eta porroten mende erdiko ziklo luze honetan aski nabarmena da, mundu injustu bat mantentzeko boteretik erabilitako indarkeria gehigarriaren eta indarkeria hori jasateak askapena ekarriko ote duenaren artean. Xehetasun handiz, egunez egun, aztertuko zuen 1848ko otsaileko borroka odoltsu hori Karl Marxek. Iraultzaile paristarrez inguratuta Alphonse de Lamartine poetak aldarrikatu zuen Bigarren Errepublika hura. Gertakizun politikoak arrastoa utziko zuen garai hartako kulturan, literaturan bereziki (Baudelaire, Flaubert, Victor Hugo).

Argi dago Marxen Klase borroka Frantzian-en idazleen oso bestelako irakurketa egiten dela. Marxek landu nahi duen galdera da nola ote den posible garaile izan den iraultza batek aste gutxitan huts egitea. Marxek jaso zuen nola Lamartinek barrikadetako jendearekin eztabaidatu zuen eta esan zien boza eman zezakeen gehiengoari utzi behar zitzaiola Errepublikaren etorkizuna erabakitzen. Adierazi zuen proletarioen barrikadek ekarri zutela iraultza eta iraultzaren garaipena gero, burgesiak hori bere egin zuen arte zilegitasunari zalantza jarrita: proletarioek zuzenean boterea bere egiten bazuten garaipena zikintzen ariko lirateke. «Burgesiak usurpatze bakar bat onartzen die proletarioei: borroka». Eta, beraz, burges eta proletarioek monarkiaren kontra egindako borroka haren helburua «dominazio burgesa osatzea izan zen». Esfera politiko osoa «klase jabeen» esku uztea. Langileen borrokak burgesen errepublika sortzeko balio izan zuen, eta Parisko proletarioek lortu zuten bakarra Errepublika hark erakunde sozial batzuk izatea izan zen.

Otsaileko egunen ostean etorriko ziren ekainekoak, inolako aukerarik izango ez zuen iraultza batean sartu ziren: «Afera zen gosez hiltzea ala borrokan hastea». «Adorea eta adimena» izan zuten, eta armadaren, guardia nazionalaren eta guardia mugikorraren kontra bost egun iraun zuten, porrotaren ostean hiru mila preso masakratu zituen burgesiak. Ordutik dator egun ia mitologiko bilakatu den sekuentzia iraultzailea: otsailekoa bandera trikolorearen iraultza izan zela (burgesa) eta ekainekoak ireki zuela, Europa osora, bandera gorriaren iraultza (langileena).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.