Hedoi Etxarte
LARREPETIT

Txantxangorriarena

2022ko irailaren 3a
00:00
Entzun
Portxean jartzen nintzen egunero bazkalostean. Munduko campingik hoberenean, munduko txokolate ontza goxoena jaten munduko eguraldi onenarekin: euri ateri berritan ala eguzkiak kiskaltzen zituen pinuen azpian. Munduko hondartza ederrenean ala igerileku atseginenean emana genuen goiza eta paperetan hoberen izkiriatutako albiste latzak genekartzan munduko ultramarinos onena zen campingeko supermerkatu txikitik. Hegoaldeko kiosko bakarrak ez ditu abuztura arte pinudi honetara egunero iristen diren beste urrun urruneko mantxetak.

Egunero laurak eta laurdenean eskuinaldetik txantxangorria iristen zen. Portxea zeharkatu, gelditu, begiratu eta artelatzen eta iratzeen artean desagertzen zen pinuen orratz arreen orbelaren gainean ibili ostean. Txantxangorria bai, baina gainontzeko hegaztiak ez ziren ausartzen. Ez bele beltz, ez basauso gris, ez txirriskila, ez txolarre, ez mika. Egunetako batean Eva Illouz-en desolazioan nengoen, beste batean campingeko liburutegitik hartutako Annie Ernaux-en tapa gogorreko desiran. Azkeneko bi arratsetan Ramón Andrés-en azken aforismo liburuan, non kontatzen duen bere haurtzaroan etxean bizi zuen terrorea. Ohearen azpian Eko markako kotxetxoekin jolasten zuela, kotxetxoen barruan zihoala irudikatzen atekadetatik, apurtzen ziren edalontzietatik, jostailu hautsietatik, irainetatik ihesi.

Baina benetako ihesa, katearen apurketa definitiboa bere birraitonaren aitonarengandik zetorkion tradizioa apurtuta eraiki zuen. Bere aita, aitona, birraitona, guzti guztiak Ramón Andrés deitu ziren, berak semeari Gabriel izena jarri zion eta oihu egin partez ahots hari batekin hitz egitea erabaki zuen.

Munduko landa ederrenean ere hilabetea aldatu zen gero, haurrik ez zen ia, Frantzian eskolak hasi zirelako, igerilekua eta denda ordu erdi lehenago ixten hasi ziren, pizzeria ez zuten eguerdian ireki eta hurrengo astelehenetik ez zen kontzerturik egongo jatetxean. Jubilatuena zen kanpina, urtxintxena, armiarmena, labezomorro eta kakalardoena, nori egingo dio orain bixita txantxangorriak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.