Hedoi Etxarte
LARREPETIT

Plastikozko loreak eta Urriko iraultza

2022ko azaroaren 5a
00:00
Entzun
Domu Santu eguna eta Urriko iraultzaren 105. urteurrena gurutzatu zaizkit aurten. Joan den larunbatean, plastikozko loreen egokitasun ezaz entzun nuen bat baino gehiago Iruñeko udal hilerrian. Kioskoko langile batek urtean behin bakarrik hilerrira Domu Santu egunarekin doazenak kritikatu zituen, bere kritika oinarritzeko «begiratu hemendik hiru hilabete barru nola egongo diren gaur utzi dituzten loreak». Otsailaren hasieran begiratuko dut, Urriko iraultza ere otsailekoarekin hasi zen.

Plastikozko loreak, duela urte batzuetatik Susan Buck-Morss-en Dreamworld and Catastropheliburuarekin lotzen ditut. Buck-Morssek parez pare jartzen ditu 1930eko hamarkadako bi irudi. Bata, AEBetako Gulf Refining Company-ren iragarki bat da, gizon trajedun batek, eskua telefonoan, leihotik fabrika erraldoi bati begiratzen dio. Bigarrena aldaera sozialista bat da, Magnitogorsk aldizkariko ilustrazio bat, irudiaren azpian «Nire lantegia» jartzen du, gizon langile batek maukak jasota dauzka. Dauzkaten ezberdintasunen artean dago aldizkari sobietarreko leihoan parpailadun errezelak daudela. Buck-Morssek planteatzen du hamarkada bat lehenago nekez egingo zela SESBen langileen halako errepresentazio bat. Parpaila poxnost zela erabat sobietarren kitsch-aren aldaera, gustu txarrekoa, gustu iraultzailearen kontrakoa. Baina irudian deigarriena, Sartaldetik igartzen zaila den arren, loreontzitik ateratzen diren kautxuzko landareak dira. Svetlana Boym-en aburuz burgesia txikiaren degenerazioaren sinbolo nagusia dira, baita herrialde sozialistetan ere. Iraultzaren osteko abangoardia txarretsi eta parpaila eta plastikozko loreak «klase ertainaren erresidentzietako jardineretako geranioak» irudikatzen dira.

Maiakovskik ere egin zien aurre burges txikien arimarik gabeko kopia horiei, kitsch-ari, hilobia urte batez abandonaturik utzi eta loreak lehortu edo usteltzea baino okerragoa delako kautxuzko kopia tropikala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.