Hedoi Etxarte
LARREPETIT

Trans auzia eta zerumuga komunista

2022ko abenduaren 24a
00:00
Entzun
Ez da lineala, ez du akumulazio garbi eta nabarmenekin funtzionatzen, itzulinguruz josia da zerumuga komunistarako bidearen mahasti eta olibadia. Langile mugimenduaren goraldi eta porrotetan mugimendutik beretik sortu dira, sarri, erreakzio muturrekoenaren piztiak ere (Alemania, Italia eta Frantziako faxismoa, neurri nabarmenean, langile mugimendutik, are antolakunde komunistetatik zetorren jendeak sortu zuen: Mussolini, Laval, Marion, Doriot). Urriko iraultza izan zen, iraultza hasi baino lehenagotik, emakumeen askapenaren borroka talde nabarmenena (Zetkin, Luxemburg): gizona zaintza lanetara lerratzen, emakumeei eskubide formalak segurtatzeaz gain eskubide materialak segurtatu zizkiena (Krupskaia, Kollontai), familia eta prostituzioa biak suntsitu nahi izan zituena. Baina SESB izan zen 1920an abortua legeztatzen lehena baina stalinismoaren 1936an debekatu zuen. 1957ko Errumania sozialistan aborta zitekeen, 1966an debekatu eta kriminalizatu zuten ceausescuzaleek.

Europa osoan, emakumeen askapen mugimendua XIX. mende amaieratik antolatu zuten erakunde nabarmenetako kideen ondorengo politikoetako ez kide gutxik ikusiko zuten errezeloz mugimendu hori 1970eko hamarkadatik aurrera. Antzera migrazioaren auzian, kolonialismoen kontrakoenen eta mundu osoa gizaki guztiena zela aldarrikatzen zutenen ondorengoek egingo zuten migranteen kontra 1980ko Frantzian (eskuin muturrean zegoen PCFko Georges Marchais buru).

Horregatik, kapitalismoak langile jendearen bizitza guztietan ezartzen dituen diziplinatze guztien suntsitzea ere badelako zerumuga komunista lantzea, trans askapena ere bada klase borrokaren parte (emakumeen, migratzaileen, zapaldutako hiztunen askapena bezala). Kontua ez da, beraz, trans gehienak langile klasekoak direla eta trans izateagatik jasotzen duten indarkeria gehigarri horri aurre egin behar zaiola. Kontua da kapitalismoak sortzen dituen zapalkuntza guztiak birrindu behar direla, baita genero sistema ere. Ez da jabetza pribatua abolitu beharreko bakarra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.