Sarritan, kalean hotz denean bereziki, jatorrian pribatuak ziren baina gaur egun edonoren eskura dauden lerroak irakurtzeko joera nabarmentzen zait. Auziak zabalik dirau: norbaiti bakarrik idatzi dioguna norbait horrentzako eta une zehatz horretarako bakarrik idatzi dugu ala, gerora eta beste nonbait ere irakur dadin nahi izaten dugu jakin gabe ere? Gutunek, oharrek, liburuen ertzetan idatzitakoek, telegramek, postalek, gailu elektronikoekin bidaltzen ditugun mezuek, izango ote dute (zelatatzen gaituzten polizientzako aparte) bestelako hartzailerik noizbait?
Sarritan bisitatzen ditudan gutunen artean daude Federici Sabatinik apailatu zituen Virginia Woolfen gutunak. Woolfek 1929ko urriaren 4an Gerald Brenani idatzi zion mahasti batean erosi zuela etxola bat, Cassisen. Asmoa zuen imajinatzeko Afrika ikusten zuela, erresiñolak entzuten zituela eta orduan faltan zuen tentsio profetikoa eskuratuko zuela. Woolf kexu zen, oraindik ez zuela bizitzaren amarrua ulertu, faltan zuela esperientzia, faltan zuela taxua: «Oraindik ez dugu laranja zehatz hori zuritzea lortu».
Idaztearen eta esatearen zailtasunaz ari zitzaion Woolf: «Irudika ezazu ze zoragarria litzatekeen benetan komunikatu ahal izatea. Oraingoz orrialde oso bat idatzi dut eta oraindik ez dut ezer esan. Asko jota zerbait iradoki dezaket. Demagun gutun hau iritsiko zaizunean umore oneko zaudela eta argi egokiarekin irakurtzen duzula, gela handiko sutondoan. Orduan, halako batean, agian lortuko duzu ulertzea Monks Houseko tximiniaren ondoan eserita nagoen ni naizenetik, nik sentitzen ala pentsatzen dudanetik zerbait. Denak dirudi nahiko zalantzazkoa eta izugarri engainagarria: hainbeste baieztapen huts daude, hainbeste amarru hizkuntzan. Eta, ordea, geure bizitzak arte honi eskaini dizkiogu».

LARREPETIT
Mezu pribatuak irakurtzen
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu