nerea loiola pikaza
LARREPETIT

Haurtzaroa arriskuan

2023ko martxoaren 9a
00:00
Entzun
Lau urteko haurra leihora gerturatu da eta gortina apartatzeko eskatu dio amari. Emakumeak hala egin du, eta kanpora begira jarri beharrean, haurraren aurpegiari erreparatu dio. Elurra goitik behera ikusten duen lehen aldia da. Hasieran, harridura darie haren begi erneei, nahastuta igurtzi du eskuarekin burua ondoren, eta, azkenik, aurpegia piztu zaionean, haurraren irribarre berbera marraztu zaio amari ere aurpegian. Zoriontsu atera du eskua leihotik amak besoetan hartu duenean. Elurrak baimentzen duen salbuespen egoerari lekua egin eta, eginbeharrak alde batera utzita, elkarrekin pasa dute arratsaldea kanpoan jolasean.

Leher eginda baina pozarren oheratu da emakumea, eta Hik Hasi aldizkarian irakurri berri duen elkarrizketa bat oroitu du. Hell Heckmann aditu danimarkarrak dio munduko lanik inportanteena haurtzaroa ona izango dela ziurtatzea dela; eta haurtzaroa arriskuan dagoela, ez zaiolako behar duen denbora eskaintzen. Behar duten denbora guztia eskaintzen die haurrei? Deseroso, buelta erdia eman du ohean. Haurren bizitzako lehen zazpi urteetan oso garrantzitsua da, ezinbestekoa, haur eta gurasoen arteko harremana. Elkarrekin denbora pasatzea. Beste buelta erdi bat ohean eta gizarte politika negargarriei bota die bere egonezinaren errua; lan gehiegi egin behar du, ez du denborarik. Begiak indarrez itxi ditu oharkabean etorri zaizkion pentsamenduak uxatzeko, ez du onartu nahi haurrak izan aurretik zuen bizitzari eutsi nahian ere badabilela. Umeak maite ditu, noski, baina hainbeste sakrifikatu behar du? Prest dago umeak edukitzeak dakarren bidesaria ordaintzeko?

Ezin du lokartu eta amorratuta altxa da leiho aldera: elur maluta txikiak berriz ere, arin, axolagabe, aratz. Elkarrizketan azpimarratu zuen ideia bat bilatu eta infusioarekin batera digeritzen saiatu da: benetan gizartea aldatu nahi badugu, haurrak txikiak direnean hasi behar dugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.