Ander Perez Argote
LARREPETIT

Komunitatea(k)

2023ko apirilaren 14a
00:00
Entzun
Brasilgo Museo Nazionala 2018ko irailaren 2an suntsitu zuen sute kolosal batek. Biharamunetan jakinarazi zuten sugarrek funtsaren %85 desagerrarazi zutela. Brasilgo historiaren zati handi bat biltzen zuen bildumak, ia 20 milioi objektutan zeutzan bere ohiturek, bere mitoek.

Albistea irakurri nuenetik bueltaka ibili zait irudia. Fikzionatzeko gogoa ere izan nuen: pentsa irailaren 3an, keak belztutako harrien artetik, banaka-banaka esnatzen direla brasildarrak, eta, herri egiten zituen elementuak galduta, ez dutela jakiterik nor diren, edo nongo, ez dakitela elkarri zer esan ere, ez dakitelako zer den partekatzen dutena.

Fikzioa fikzioa da, baina balio beza irudiak gure sute propioez gogoetatzeko. Zeren eta gehiegi da komunitate egiten gaituzten elementuak sutan kiskaltzen ari direla esatea, baina akaso zilegi da kean bilduta daudela aipatzea, lanbro artean ongi ikusten ez delarik non hasten eta non bukatzen den komunitatea. Zeri deitzen diogun gu, zeini mintzo zaizkien diskurtso politikoak, non elkartzen diren garai batean hain trinko mantentzen zen komunitatearen puskak.

Indibidualismoaren eta bakardadearen garaian, kasik ekintza politiko bihurtzen da besteekin elkartze hutsa, kolektiboan jardutea. Azkenaldian dezente erreparatu diot horri. Mila aldiz adierazi diot nire inbidia artea taldean sortzen ari zen lagunari. Ikusi dut nola ingurukoek bilatzen zituzten haien kideak, afizioak afizio, taldean aritzeko. Eta nik neuk topatu dut neure burua zenbaitetan antsietateak jota, zerbait elkarrekin sortzeko talderen baten faltan.

Komunitate egonkortu baten faltan, komunitate txikiak ikusi ditut inguruan ereiten. Eta, badakit, ikuspegi eraldatzailetik, ez dela nahikoa. Are, egon daitekeela arriskuaren ertzean: norberak bere taldetxoa, eta ase. Esperientzia kolektibo txikiek, bakoitza berean, ez dute komunitatea eraikitzen. Ez lirateke gure museo nazionalean sartuko. Eta, hala ere, ze beharrezkoak zaizkigun.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.