nerea loiola pikaza
LARREPETIT

Euskara ardatz (edo ez)

2023ko ekainaren 8a
00:00
Entzun
Itsasora sartzeko gogoajarri zaionean, bere poltsa zainduko duen norbaiten bila hasi da hondartzan. Gazte kuadrilla bat, 20 urteetatik gertu. Euren artean erdaraz ari badira ere, euskaraz egin die eskaria eta arazorik gabe moldatu dira gazteak. Ur ertzerako bidea hartu duenean erdaraz entzun ditu berriz ere. Eskola atarian, berekin euskaraz mintzatu ohi diren bi guraso elkarren artean erdaraz ari direla ikusi du. Gerturatu denean, euskaraz hitz egin diote biek eta haietako batek joan beharra zuenean euskaraz agurtu du bera; baina «bueno, ya estaremos» esan dio beste gurasoari. 4 urteko semeak ezdu ulertzen zergatik ezin duen Patrulla canina euskaraz ikusi;7 urtekoak gustuko telesail bat aurkitzen duenean beti galdetzen du ea euskaraz ere badagoen; 13 urtekoari ez zaio burutik pasa ere egiten ikus-entzunezko bat euskaraz kontsumitu dezakeenik.

Egoera hauek eta beste mordoxka bat etorri zitzaizkion gogora pasa den astean Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuariBERRIAk egin zion elkarrizketa irakurtzean. Hezkuntza lege berriak euskara izango duela ardatz errepikatzen zuen nagusikeriaz behin eta berriz, baita kazetariak A ereduko ikastetxeez edo ingelesez emango diren ikasgaiez galdetzen zionean ere. Euskara ardatz. Nork ez du hori sinatuko? Baina, zer esan nahi du horrek benetan, ikasleek B2 maila izatea DBH amaitzerako?

Sailburuaren hitzak irakurrita, eskolak Hizkuntza Eskola bat dirudi, helburutzat ikasleek euskara maila jakin bat lortzea duena. Euskaraz dakien gizarte bat izatea, ordea, abiapuntua da eta inolaz ere ez helburua. Euskaraz bizi nahiko duen jendea da behar duguna, egunerokotasunean euskara aukera gisa izango duena eta euskara hautatuko duena; lagunekin euskaraz arituko dena,kirola euskaraz biziko duena,pelikulak eta telesailak euskaraz ikusiko dituena eta maitasuna euskaraz egingo duena. Baina horretarako hezkuntza lege berri bat baino askoz gehiago behar dugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.