Ostegun arratsa Lilleko postetxearen inguruan. Pascal Bonnière La Voix du Nord papereko argazkilaria hantxe dago, giroa lasaia da. 19:30ean biribilgunea lasai dago, polizia asko eta Raid unitate berezi bat dago han. Ezohikoa den unitate militar bat da. Bereziki gazteak daude inguruan, 14 eta 20 urte artekoak, asko neskak dira.
Ordu erdi pasa da, botilaren bat jaurti diote Raidaren kamioi blindatuari eta joan dira edozein armadako soldaduen ekipazioa duten poliziak gazteen kontra kalean barna. Gazteak komisariarantz bultzatzen dituzte. 12-14 urteko gazte taldetxo baten atzetik doaz orduan. Argazkilariak aitortzen du une horretan beldur dela, gaztetxoak ihes egiten ari diren norabidea autobidearena delako. Polizia guztiak fusilekin daude. Une batean argazkilariak bere burua ere arriskuan ikusten du. Urrutiratzea erabakitzen du. Poliziek haurrak mehatxatzen dituzte armekin. Haurrak lurrean daude etzanda. «Indarkeria jasanezina zen» esaten du argazkilariak, bere irudietan oso nabarmena da egun argiz dela, Europako hiri arrunt bat bakean eta soldaduak jendeari eraso egiten. Argazkilariak dio: «Ez dut ulertzen, zergatik hain indarkeria beldurgarria une horretan».
XVII. mendeko Madame de Sévignéren aipu hura: «Menpekoen umiliazioa beharrezkoa da ordena sozialaren zaintzarentzat». Luisek telegram bat bidali dit, Maurizio Lazzaratorena: «Gerra industriala populazioaren barneko gerrarengatik aldatzea kapitalaren behar estrategiko bat da. Mundializazio handia nazio Estatuen lurraldean gertatu zen eta horregatik hartu zuen estatuen arteko gerraren forma. Gaur egungo mundializazioan, metatze eremua transnazionala da. [...] Zeren 'populazioaren barneko gerra' ez da soilik 'terroristen ala intsurgenteen' kontra egiten». Gerra populazioaren kontra egiten da, globalizatutako lan indarra diziplinatzeko, zigortzeko, kontrolatzeko. Ez dago erreformarik: polizia eraitsi behar da.

LARREPETIT
743 hildako 40 urtean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu